«Umore onarekin zita» gaur Osiñagan, jaiak betiko euskal giroan ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 4a, 00:00

Ederki pasatzeko desiatzen daude Osiñagako auzotarrak, hiru urteko itxaronaldiaren ondoren.

Gaur eta bihar ospatuko dituzte Osiñagako Jaiak, eta protagonismo haundia izango dute herri kirolek eta bertso saioek, puntako partehartzaileekin. Ez dute hutsik egingo bazkari-afariek eta sagardo dastaketak, 
ezta Laiotzen dantzaldiak ere.

1098 egun pasa dira, Osiñagako Jaiak azkenekoz ospatu zituztenetik. Urtebeteko itxaronaldia luzea izaten bada askorentzat, hiru urtekoa gogorra izan da. Hori arintzeko asmoz, egun osoko festa antolatu zuen Osiñagako Auzo Elkarteak, Iparragirre sagardotegian, iazko irailean, pandemiaren garai zailenak gaindituta. Polita izan zen eguna, baina are ederragoa espero da asteburu hau: bueltan dira Osiñagako Jaiak, betiko euskal giroarekin. Hiru urteko etenaldiak, eta 1098 eguneko itxaronaldiak, ez baitu auzoko festen esentzia aldatu.

Eta auzotarren animoak eta festarako gogoa itzaltzerik ere ez du lortu etenaldi luzeak. Jai Batzordeak berak, festara animatu ditu denak, jaien atariko agurrean:

 

Ekainak 4 eta 5,
ze garai polita!
Osiñagako Jaiak, 
goizetik hasita;
nahiz eta Loidin dagon
bidea itxita,
aurten ere bertara
egin behar bixita,
umore onarekin
daukagu ta zita.

Halaxe izango da, goizetik eta martxa ederrean ekingo baitiete jaiei. Izan ere, bizikleta buelta egingo dute auzoan zehar, 10:30etan abiatuta, elkarrekin. Eta auzo txokoak bi gurpilen gainean bisitatu ondoren, jan-edanarekin borobilduko dute goiza, hamaiketakoa prestatuko baitute Arriatsu eskolan, partehartzaile guztientzat.

 

Txupinazoaren ondoren, arratsalde potentea

Bizikleta bueltaren ondoren botako dute txupinazoa, eguerdian; eta haurrak izango dira protagonista orduan, jolasak prestatuko baitituzte haientzat, bazkalordura arte. Auzotarrentzako bazkaria izango da gaur egingo dutena, baina bertako zein bisitari guztientzako gozagarri izango da gaurko arratsalde potentea.

Hasteko, herri kirolak izango dira, 18:00etan hasita, maila haundiko kirolariekin. Harri-jasotzen ariko dira bi neska, Lierni Osa zarauztarra eta Lur Errekondo usurbildarra. Aizkoran, berriz, inguruko bi mutil izango dira protagonista: Suharri Rodriguez Paolla ereñotzuarra, Fagollagakoa; eta Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarra, Basozabalekoa. Eta azkenik, giza proban ariko dira bertako lau mutil, bi bikote osatuta: batetik Aiert Rodriguez Paolla eta Xabat Arruti, batetik; eta Iraitz Arruti eta Iñaki Lekuona Leku, bestetik.

Zortzi herri kirolarien ikuskizunaren ondoren, Hernaniko Bertso Eskolako kideek girotuko dute auzoa, sagardo dastaketari bidea egiteko. Auzo afaria ere izango da gauean, Arriatsu eskolan, Euskal Parrillakoen eskutik. Eta eguna borobiltzeko, beste klasiko arrakastatsu bat: dantzaldia, Laiotz taldearen eskutik, gauerditik goizaldeko ordu txikietara.

 

Puntako segalariak, bertsolariak eta pelotariak, bihar eguerditik aurrera

Dantza eta dantza artean luzatuko dutenez gaua, atsedenerako hartuko dute bihar goiza, eta eguerdian helduko diote berriro festari. Baina ez dute nolanahiko egitaraua prestatu, biharko ere. Hasteko, maila haundieneko sega ikuskizuna izango da, puntako bi kirolariren eskutik: Julen Gabirondo urnietarra, eta Jon Otegi oiartzuarra.

Ez dira edozein, segidan bertsotan ariko diren bi lagunak ere: Unai Agirre hernaniarrak eta Aitor Mendiluze andoaindarrak jarriko dute giro ederra, bere umore finarekin, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako prestatzen ari diren garai honetan. Arriatsu eskolan egingo dute biharko bazkaria, hori ere Euskal Parrillakoek prestatuta.

Eta arratsaldean, esku pelota izango da protagonista, Arriatsu eskolaren kanpoaldeko frontoi berezian. Gazteen arteko partiduak izango dira aurrena, eta nagusien mailako bi partidu haundi ondoren: Axier Olaizola goizuetarra, Xabat Pagola ereñotzuarraren kontra; eta Miriam Arrillaga usurbildarra, Mirian Arraiza donostiarraren kontra. Unai Agirrek eta Aitor Mendiluzek emango diete bukaera aurtengo jaiei, bigarren bertso saioarekin.

 

OSIÑAGAKO JAIAK 2022

EGITARAUA

GAUR, LARUNBATA

10:30, Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren, hamaiketakoa izango da Arriatsun, partehartzaileentzat.

12:00, Txupinazoa eta haurrentzako jolasak

14:00, Bazkaria, auzotarrentzat

18:00, Herri kirolak:

-Harri-jasotzen, Lierni Osa eta Lur Errekondo

-Aizkoran, Suharri Rodriguez 'Paolla' eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'

-Giza proban, bi bikote: Aiert Rodriguez 'Paolla' eta Xabat Arruti; eta Iraitz Arruti eta Iñaki Lekuona 'Leku'

Ondoren, Bertso saioa, Hernaniko Bertso Eskolako kideekin

19:30, Sagardo dastaketa

21:30, Auzo afaria Arriatsu eskolan, Euskal Parrilakoek prestatuta

00:30, Dantzaldia, Laiotz taldearen eskutik

BIHAR, IGANDEA

12:00, Segalariak: Julen Gabirondo eta Jon Otegi

13:00, Bertsolariak: Unai Agirre eta Aitor Mendiluze

14:00, Bazkari herrikoia Arriatsu eskolan, Euskal Parrilakoek prestatuta

18:00, Gazteen arteko pelota partiduak

Ondoren, Nagusien arteko pelota partiduak: Axier Olaizola eta Xabat Pagola; eta Miriam Arrillaga eta Mirian Arraiza

Ondoren, Bertsolariak: Unai Agirre eta Aitor Mendiluze

 

Maila haundiko kirolariak Osiñagan, primerako ikuskizuna eskaintzeko prest

Puntako kirolariak ariko dira herri kiroletan, harri-jasotzen, aizkoran zein segan; eta baita esku pelota partidu berezietan ere.

Euskal kirola gustuko duenak, hitzordu seinalatua dauka gaur eta bihar, Osiñagako Jaietan. Kantitatez ez ezik, kalitatez ere gainezka dator auzoko festetako egitaraua, herri kirolekin eta esku pelota partiduekin.

Gaur arratsaldeko saioan, puntako herri kirolariak ariko dira Osiñagan. Harri-jasotzen, esaterako, Lierni Osa zarauztarra eta Lur Errekondo usurbildarra ariko dira. Duela urtebete inguru hasi ziren biak, bata halterofiliatik etorrita, eta bestea eskubaloitik. Elkarrekin entrenatzen dute, eta martxoan aurrez aurre aritu ziren Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketan, Berri Mailan. Errekondo nagusitu zen orduan. Aizkoran, berriz, ariko dira Suharri Rodriguez Paolla ereñotzuarra, Urrezko Aizkolarien Binakako txapeldun izan dena aurten; eta Jokin Urretabizkaia Basozabal, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala jokatuko duena bihar, gazte mailan.

Puntakoak dira, bihar eguerdian segan ariko direnak ere: Julen Gabirondo urnietarra, egungo Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelduna; eta Jon Otegi oiartzuarra, Gipuzkoakoan bigarren izan zena.

Eta bihar arratsaldean, esku pelota partiduak izango dira Arriatsuko frontoi berezian. Nagusietan, maila haundiko bi partidu prestatu dituzte. Batean, Asier Olaizola goizuetarra ariko da, maila profesionala aspaldi utzi arren, ikuskizuna emateko prest; eta aurrean izango du Xabat Pagola ereñotzuarra, bera ere pelota utzitakoa, baina sasoiko dagoena.

Beste partiduan, berriz, maila goreneko bi esku pelotari ariko dira: Miriam Arrillaga usurbildarra, eta Mirian Arraiza donostiarra. Arrillaga Emakume Master Cupeko txapeldun izan zen 2019an, lau t'erdian; eta txapeldunorde iazko abenduan. Arraiza, bere aldetik, Gipuzkoako lau t'erdikoaren finala jokatzeko sailkatu berri da, ligaxkako partidu guztiak irabazita.

 

XABAT PAGOLA

«Partidu normal batekin ez du antz haundirik izango»

Bi urte dira Xabat Pagolak pelota utzi zuela, baina gogotsu dago biharko partidurako.

Bi urte zeramazkien Xabat Pagola ereñotzuarrak, esku pelotan aritu gabe; baina gogotsu heldu dio Axier Olaizolaren kontra jokatzeko erronkari: «oso bigunak neuzkan eskuaka, baina azkeneko bi asteotan dexente aritu naiz. Beharra ere izango dut!». Partidu polita espero du, ezberdina: «partidu normal batekin ez du antz haundirik izango. Frontoia ere berezia da, eta ahal den moduan jokatu beharko dut, buruarekin, indarra Axierrek gehiago izango duelako. Bera erraz irabazten ari bada, pentsatzen dut ez duela dena emango», dio Xabat Pagolak barrez. «Baina horrelako frontoietan, ni ere nahiko ondo moldatzen naiz. Ikusteko partidu polita izatea nahi nuke. Osiñagan beti izaten da giro polita, eta hala izango da aurten ere».

Mendi lasterketekin dabil buru-belarri orain, «kilo batzuk galduta, baina indarra ere bai. Fisikoki hobeto nago, eta ondo etorriko zait hori, asko mugitzea tokatuko zait eta!».

 

ASIER OLAIZOLA

«Ea minik hartzen ez dugun, behintzat...»

47 urterekin eta erretiroa aspaldi hartuta, Osiñagan ariko da bihar Asier Olaizola.

Ikusmin haundia piztuko du Asier Olaizola goizuetarrak, bihar arratsaldean, Osiñagako Jaietan: 47 urterekin eta esku pelota duela lau urte utzita, «aspaldiko partez saiotxoa» egingo du frontoian, esku pelotari profesional ohiak, Xabat Pagolaren kontra. «Leitzako pelota eskoan aritzen naiz umeekin, eta ez nago guztiz deskonektatua. Baina denbora daramakit jokatu gabe, eta hori nabaritu egiten da. Osiñagan delako eta auzotarrek eskatu zidatelako, bestela...».

Frontoia «kanpotik» ikusi du, eta gustatu zaio: «txikia da, oso polita, eta jokatzeko berexia. Ikusi beharko dugu nola jokatu. Gainera, pelota goxoarekin ariko gara, eta nik ez dut sekula jokatu goxoarekin».

Edonola ere, partidu polit bat jokatu eta ikusleak entretenitzea da «inportanteena» beretzat, «ongi pasatu dezatela». Eta ziurtatu du, Osiñagakoa izango duela azkeneko partidua: «ea minik hartzen ez dugun, behintzat...», dio barrez.

 

 

MIRIAM ARRILLAGA

«Jokatu izan dut frontoi arraroetan»

Gustuko du festetako partiduen eta frontoi berezien xarma, Miriam Arrillagak.

Ez du Osiñagako frontoia ezagutzen Miriam Arrillaga usurbildarrak, baina gustura jaso du frontoi berezi batean aritzeko deia: «jokatu izan dut frontoi arraroetan, eta polita izango da. Gustatzen zaizkit betiko frontoi haundi eta reglamentario horietatik kanpo jokatzen diren partiduak. Bereziagoak dira, eta beste xarma bat daukate. Gainera, festetan direnean, gusturago aritzen zara».

Ondo ezagutzen du biharko kontrarioa, Mirian Arraiza, entrenatu eta jokatu izan dutelako elkarrekin. Eta partidu gogorra espero du: «aspaldi honetan geldirik nabil, eskuetako arazoekin, partidu bat jokatu eta eskua txikitzen baitut. Beraz, zalantzekin joango naiz, baina saiatuko gara ikuskizun pixka bat ematen, eta giro pixka bat jartzen. Horixe da inportanteena festetan, partidu polit bat jokatu eta jendeak gozatzea», nabarmendu du.

 

 

MIRIAN ARRAIZA

«Asko gustatzen zaizkit festetako partiduak»

Presio gutxiagorekin «jokoaz gehiago disfrutatu» ohi du Mirian Arraizak.

Biharko partidua iristeko gogoz dago Mirian Arraiza donostiarra, gustuko dituelako festetako partiduak: «Antiguako festetan jokatu izan dut, eta asko gustatzen zaizkit partidu horiek. Ez dago hainbesteko presiorik, eta gehiago gehiago disfrutatzen dut jokoaz».

Frontoi txikia da Antiguakoa, baina Osiñagakoaren oso desberdina. Zenbait urtetan Hernanin bizi izan den arren, ez du frontoia ezagutzen Arraizak, baina gustuko ditu horrelako frontoietako partiduak: «biziak izaten dira, aurrean jokatzekoak, eta ikusteko politagoak».

Ondo ezagutzen du Miriam Arrillaga, askotan jokatu baitute elkarrekin eta elkarren kontra: «partidu gogorra izango dut; berak indar haundia dauka, eta dominatu egiten du». Dena den, Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketa ari da jokatzen Arraiza, eta hori lagungarri izango du, frontoi laburrean aritzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!