Haurren danborrada, paella-jatea, apar-festa eta beste asko, Mendekoste Jaietan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 4a, 00:00

Ederki gozatu zuten etxeko txikienek duela hiru urteko apar-festan.

Atzo eman zieten hasiera Mendekoste Jaiei, Florida-Etxeberrin. Gaur eta bihar izango dute jarraipena, eta makina bat ekintza prestatu dituzte bi egunetarako. Denetatik izango da adin-tarte guztientzat eta, aurtengorako, gainera, berrikuntzak aurkeztu dituzte. 

Ekainean sartzearekin batera, asteburu honetan ospatuko dira Mendekoste Jaiak, Florida-Etxeberrin, bailarako festei hasiera emateko. Atzo gauean izan zen txupinazoa, eta helduen danborradarekin agurtu zuten festen lehenengo eguna. Gaurko, egun osoko egitaraua prestatu dute eta, bihar, berriz, eguerdira arte izango da zeregina. Urtero bezalaxe, adin tarte guztietako auzotarrentzat prestatu dituzte ekintzak, eta makina bat jarduerekin, denetarik egiteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. 

Azken urteetako egoera ikusita, gogotsu dabiltza hernaniarrak, festarako prest. Izan ere, joan den urteetan, koronabirusa zela eta, ezinezkoa izan zen ospakizuna egitea edo, behintzat, jaiak betiko moduan antolatzea. Hori horrela, aurten indartsu eta emozioz beteta ekin diete Mendekoste Jaiei, eta asteburu borobila ospatzeko «ilusioz» daudela ziurtatu dute. 

 

Danborrada, mus txapelketa, bingoa, musika... gaurkoan

Gaurkoan, danbor hotsek esnatuko dute auzoa. Hain zuzen, umeen danborrada izango da 11:00etan. Jantzi dotoreekin atondu, danborrak eta makilak hartu, eta kalera aterako dira haurrak, auzoa esnatzeko prest. Ordu berean, betiko jolasak izango dira jubilatuentzat eta, amaitzean, luncha egingo dute elkarrekin. Eguerdi aldera, sukaldaritzari egingo diote lekua: 13:00etan, patata-tortila txapelketa izango da eta, jarraian, 14:00etan, paella-jatea Etxeberriko pilotalekuan. Hantxe bilduko dira auzotar guztiak elkarrekin otordu goxoa egiteko eta berriketarako, ondo pasatzeko asmoz.

Arratsaldean ere ez dute aspertzeko tarterik izango. 16:00etan, Denontzat-ek antolatuta, oztopo-zirkuitua izango da Florida-Etxeberrin. Sareak, gurpilak, zakuak... probatxo mordoa gainditu beharko dute parte-hartzaile guztiek. Ordu berean hasiko dute mus txapelketa, Etxeberri Elkarteak antolatuta. Ekintza horrekin, entretenimendua ziurtatua izango dute auzotarrek, bikote trebeenak lortuko baitu aurtengo festetako garaile izatea. Ondoren, 17:30etan, apar-festan gozatzeko tartea izango dute etxeko txikienek eta animatzen diren guztiek. Jai-giroan bete-betean murgilduta daudela, haurrentzako txokolate-jana izango da 18:00etan. 

 

Aipatutako ekintzez gain, ikuskizunik ez da faltako Mendekoste Jaietan. Txoborro Magoaren emanaldia izango da 18:30etan, Etxeberriko pilotalekuan. Barre-algaren artean, familiarekin zein lagunekin ondo pasatzeko aitzakia paregabea izango dute Etxeberri-Floridakoek. Noski, bingo herrikoiak ere ez du hutsik egingo aurtengoan; 19:30etan jarri dute horretarako hitzordua. 

Ilunabarrean, musikak hartuko die lekukoa eguneko jarduerei. Hain justu, 20:30etatik 21:30etara disko festak girotuko ditu jaiak eta, ondoren, afari-herrikoian elkartuko dira auzotarrak. Afalostean, zezen suzkoak eta disko festak itxiko dute gaurko eguna, hiru orduko saioarekin. 

Haurren danborrada, 2019an.
 


Interjaiak I. Bakailu kazuela lehiaketa izango da biharko ekintza nagusia

Bi egunetako festak atzean utzita, bihar agurtuko dituzte aurtengo jaiak. Goizean, meza egingo dute hildakoen omenez, eta jolasak ere izango dira adin guztietako auzotarrentzat. Eguerdian, sagardo dastaketa egingo dute eta, tartean, Interjaiak I. Bakailu kazuela lehiaketa izango da. Arrakasta izatea espero da, aurreratu dutenez, parte-hartzaile mordoa izango baita lehenengo edizio honetan. Amaitzeko, jaien amaiera eta azken traka izango da 14:30etan.

Sagardo bowl mahai jolasak arrakasta izan zuen 2019an.
 
 
Denontzat-ek antolatutako oztopo proba ere izango da aurtengo jaietan.
 

MENDEKOSTE JAIAK 2022 EGITARAUA

GAUR, LARUNBATA

11:00 Haurren 
danborrada

11:00 Jubilatuentzako jolas ezagunak eta 'lunch'-a

13:00 Patata-tortila txapelketa

14:00 Paella-jate herrikoia Etxeberriko pilotalekuan

16:00 Oztopo zirkuituak. Antolatzailea: Denontzat

16:00 Mus txapelketa. Antolatzailea: 
Etxeberri Elkartea

17:30 Apar festa

18:00 Haurrentzako txokolate-jatea

18:30 Txoborro magoaren ekitaldia Etxeberriko pilotalekuan

19:30 Bingo herrikoia

20:30 Disko festa

21:30 Afari herrikoia Etxeberriko pilotalekuan

23:00 Zezen suzkoa

23:00 Disko festa

BIHAR, IGANDEA

11:00 Meza nagusia hildakoen omenez Floridako elizan

11:00 Adin guztietarako jolas ezagunak

12:00 Sagardo 
dastaketa: Zelaia, Itsasburu, Petritegi, Eula, Zabala, Iparragirre, Akarregi

14:30 Jaien amaiera eta azken traka

 

 

«Ohitura berreskuratuz, berrikuntzekin, Interjaiak I. Bakailu kazuela lehiaketa antolatu dugu»

Helburua izan da «herriko auzo elkarte guztiak elkartzea». Horretarako, auzo elkarteei luzatu diete parte hartzeko gonbidapena; bakoitzak gustukoen duen erara prestatuko du bakailua. Sukaldari profesionalez osatutako epaimahaiak baloratuko ditu platerak eta, ondoren, subasta irekiko da nahi dutenek kazuela goxoenak eskuratzeko.

 

Atzo eman zioten hasiera Mendekoste Jaiei eta, horrekin, Urumea bailarako festa denboraldia ireki zuten Florida-Etxeberrikoek. Giro paregabea izan zen jaien hasierako txupinazoan eta urteroko helduen danborradan. Martxa hori hartuta, asteburuan «denetarik» egiteko aukera izango dela ziurtatu du Ekaitz Corbella jai batzordeko kideak. «Gainera, aurtengo egitarauan, berrikuntza nagusia da Interjaiak I. Bakailu kazuela lehiaketa», nabarmendu du. «Ohitura berreskuratu nahi izan dugu, lehen, aitzinan, soilik auzotarren artean egiten zen ekintza zelako». 

 
«Auzo elkarteak elkartzeko asmotan» antolatu da bakailu kazuela lehiaketa

Aurkeztutako ekintzak hainbat berrikuntza izango ditu. Izan ere, Ekaitzek aipatu duenez, lehen, soilik auzotarrek hartzen zuten parte bakailua prestatzeko lanean. «Aurten, ordea, helburua izan da herriko auzo elkarte guztiak elkartzea eta elkarren artean giroa sortzea», nabarmendu du. «Horregatik, ohitura berreskuratuz eta hainbat berrikuntzarekin, bururatu zitzaigun Interjaiak I. Bakailu kazuela lehiaketa antolatzea. Guk jarriko dugu generoa eta materiala, eta elkarteetako kideek egingo dute gainerakoa». Partehartzaile bakoitzak nahieran sukaldatu ahal izango du bakailua. Arau bakarra, hori bai, kazuelan sukaldatzea izango da. Pil-pilean, Bizkaiko erara edota gustuko duten modura prestatu daiteke, eta, irabaziz gero, lehiaketa honetako lehenengo edizioko txapela eta ohorea lortuko dute auzo elkartekoek. 

Aurreratu duenez, dagoeneko «mordoxkak» ziurtatu du parte hartuko duela. «Helburua da harremana sendotzea. Beraz, gero eta partaide gehiago, hobe!». Besteak beste, honako hauexek izango dira: Portukoak, Lizeagakoak, Karabelgoak, Txantxillakoak eta Laztiagakoak. Horrekin batera, datozen urteetan ere ekintzak jarraipena izatea nahi dute eta, horregatik, «ez da nolanahikoa izango», jakinarazi du Corbellak: «Garrantzia eman diogu lehiaketari, eta gutxienez bi sukaldari profesionalez osatutako epaimahaia izango dugu: Luis Irizar Sukaldaritza Eskolako Visi Irizarrek eta Henry Occelly-k epaituko dituzte kazuelak». Hori ez ezik, pizgarri gisa, kazuelak subastatuko dituzte. «Lanak amaitzean, epaimahaiaren iritzia jakitean eta sariak banatzean, bertaratzen direnek subastan parte hartu ahal izango dute. Horrela, bakailua lortu eta bertan jateko aukera izango dute», kontatu du Ekaitzek. «Bakailua batzuei bakarrik ematea baino, pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela horrelako zerbait egitea. Izan ere, momentuari bixitasuna emango dio subastak». 

Hildakoen omenez, meza egingo dute goizeko 11:00etan eta, ondoren, eguerdiko 12:00etarako jarri dute lehiaketarako hitzordua. Egitaraua jarraituz, auzo elkarteetako ordezkariak sagardo dastaketarekin batera arituko dira sukaldari lanetan. «Pintxoak eta sagardoa dastatu bitartean, auzotarrek elkarteko ordezkariak ikusi ahal izango dituzte bakailua prestatzen, eta, bitarte horretan, ziur giro ona piztuko dela». Horrekin lotuta, dastatu ahal izango diren sagardoak honako hauexek izango dira: Zelaia, Itsasburu, Petritegi, Eula, Rufino, Zabala, Iparragirre eta Akarregi. 

 

Zalantza, azken ordura arte

Aurten, ezjakintasuna izan da nagusi festen antolakuntzan. Aurreko urteetako osasun egoera medio, auzotarrek ez zekiten ea aukera izango zuten jendea elkartuko zen ekintzak antolatzeko edota bestelako neurriak errespetatu beharko liratekeen jarduerak proposatzeko. Hain zuzen, joan den urtean ez zen jairik izan Florida-Etxeberrin eta, 2020an, pandemia urtean, etxean ospatu zituzten auzoko jaiak. Are gehiago, Urumea bailarako aurtengo lehenengo festak dira Mendekostekoak eta, erreferentziarik gabe, «konplexuagoa» da ezer antolatzea. «Horregatik, aurten, korrika eta presaka egin dugu dena», onartu du Ekaitzek. «Laburbilduz, ez genekien ea posible izango genuen jaiak ospatzea ala ez. Gainera, antolakuntza-talde barruan ere ez genekien nor zegoen prest ekintzak antolatzeko eta, beraz, azkeneko momentuan ekin diogu guztia prestatzeari». 

Aipatutakoagoatik, jai batzordeko kideak adierazi du «zertxobait» laburragoa dela aurtengo programazioa. «Esaterako, jende pilaketak saiheste aldera, zenbait ekintza baztertu edo moldatu behar izan ditugu. Gainera, berez, orain arteko jaietan arratsaldeko 18:00etan hasi izan ditugu ekintzak ostiralean. Atzo, berriz, 23:00etan ireki genuen egitaraua txupinazoarekin eta helduen danborradarekin». Baina, bestelakoan, betiko ekintzak mantendu dituzte. «Guztiaren gainetik, lortu dugu egitaraua aurkeztea, eta hementxe ditugu festak, topera gozatzeko prest. Paella-jatea, patata-tortila lehiaketa... hori guztia egingo dugu». Eta moldaketak izan badira ere, adin tarte guztietako herritarrentzat prestatu dute egitaraua: «gaur, helduak musean ari diren bitartean, adibidez, Denontzat-eko Ismak oztopo probatxo bat prestatuko du». 

Giroa, beraz, ziurtatuta egongo da Mendekoste Jaietan. Jolasak, dantza, musika, ikuskizunak, otorduak, lehiaketak... Aspertzeko tarterik ez da izango datozen egunetan. Hori horrela, jai batzordeak bertaratzeko deia luzatu die gainerako herritarrei eta auzo elkarteko kideei.

 

 

Bapo bazkalduko dute aurten ere Etxeberri-Florida auzo bazkarian, paella-jatean. 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!