2022ko aurrekontuari 7,5 milioi euro erantsiko zaizkio

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 2a, 00:00

Plenoak onartu zuen Gobernu taldearen aldeko botoekin, EAJ eta Podemosen abstentzioarekin eta PSE-EEren aurkako botoarekin. 

Hernanin Osoko Bilkura izan zen pasa den asteartean eta 2022eko aurrekontuari 7,5 milioi eransteko proposamena onartu zen, EH Bilduren 11 botorekin. EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemoseko zazpi zinegotziak abstenitu egin ziren eta PSE-EEk aurka bozkatu zuen.

Isa Sánchez, Ogasun Zinegotziak aurkeztu zuen proposamena. «Martxoan, 2021eko aurrekontua itxi ondoren, jakin genuen zenbatekoa zen gerakin akumulatua. 8,3 milioi eurokoa zen eta horietatik 7,5 milioi bideratuko dira gure proposamenaren arabera. 800,000 euro, zuhurtziagatik, bideratu gabe utziko ditugu, sor daitekeen gastuei aurre egiteko».

6.455.790 euro inbertsioetara bideratuko dira hiru sailetan banatuta: Landa eremura, trantsizio energetikora eta herriaren azpiegituretara. Euri-jasen eraginez zenbait herri bidetan gertatutako luiziak konpontzeko eta asfaltatzeko (Loidi-Altzueta, Iturmendi, Usategieta-Lepatxiki, Urteaga, Jauregi, Arrikarte, Eguzkieta..) 765.000 euro bideratuko dira. Mendi lurren erosketarako (lurzoruaren publifikazioaren aldeko pausoak emateko) 300.000 euro bideratuko dira eta landa-eremuko etxebizitzetan interneterako konexio duina bermatzeko diru-laguntzan 50.000 euro.

Eraikin publikoetan eguzki-panel fotoboltaikoetarako 1.000.000 euro bideratuko dira. Kale argiterian hobekuntzak egiteko (Antziola, Karabel, Lastaola, Zubiondo, Ergobiako bidea, Florida, Santa Barbara) 90.000 euro. 

Urumea Elkano eraikinaren eraispena (eremu horretan proiektu berria idaztea aurtengo aurrekontuan jadanik jasota dago: 120.000 euro) 270.000 euroko inbertsioa bideratuko da. Haur parke bat estaltzeko (Elkarrekin Podemosekin adostua) 150.000 euro. Zubipe eta Landareko instalazioen egoera hobetzeko eta uholdeen aurrean babesteko 2.000.000 euro. Kirol instalazioetan hobekuntza-lanak egiteko (sauna, rokodromoaren proiektua, Latsunbeko tenis-pista konpontzea, mendiko bizikletak garbitzeko lekua...) 101.500 euro eta Herri-ikastetxeetan inbertsio gehiago egiteko 100.000 euro.

6.455.790 horietako 3.305.000 euro txertatuko dira 2022ko aurrekontuan eta beste 3.000.000 euro gerakin lotu bezala geldituko dira. Horiek txertatuko dira aurrekontuan proiektuen exekuzioaren arabera (Landare-Zubipe, Akarregi tankea, panel fotovoltaikoak...).

Energia gastuaren hazkundeari aurre egiteko partida 490.000 euro izango da. Argindarraren kontratuaren errebisioa egingo da maiatzean eta %163ko igoera aurreikusten da: 321.000 euro, alegia. Guztira, 2022ko aurrekontuan argindarraren kostu osoa (kale argiteria eta eraikinaren publikoaren argindarra) 949.000 eurokoa izango da. Gasaren kontratua ere aurten berrikusiko da. 169.000 euroko igoera aurreikusten da. 2022ko aurrekontuan, 291.000 euroko gastua aurreikusten da.

 

PSE-EE oso kritikoa izan zen

Ricardo Crespo udal talde sozialistaren bozeramailea oso kritikoa izan da Udal Gobernuaren kudeaketarekin, «oraindik pandemiak, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoek eta gure bizilagunen behar ugariek markatutako urte honetan Udalak azken urteotan 8,3 milioi euroko altxortegiko gerakina sortu izana ez baita ulergarria. Horiei kontingentzietarako gordetako beste 5,6 milioi gehitu beharko litzaizkieke. Guztira, ia 14 milioi euro erabili gabe». Crespok azaldu duenez, «geldi dagoen diru-poltsa bat dago, gastatu gabe dagoena, koalizio soberanistak agindutako inbertsioak bete ez dituelako».

PSE-EErentzat «gerakina ustekabeko, premiazko edo beharrezko proiektu haundietan inbertitzeko balio beharko luke. Hala ere, gobernu-taldearen proposamenean sartu dira 2023ko aurrekontuetan jaso daitezkeen proiektu batzuk, hala nola turismo-partidak (32.000 euro), rokodromoa (20.000 euro), tenis-pista (14.500 euro), Fagollagako aparkalekua (50.000 euro), landa-lurren erosketa (300.000 euro), bizikleta-garbitzeko leku bat (10.000 euro) edo HHZko zerbitzurako pantaila digitala (17.000 euro)». Bozeramaile sozialistaren arabera beste premia batzuk ere badaude.

 

«Batzuk egokiak eta besteak desegokiak»

EAJ eta Podemos abstenitu egin ziren eta ez ziren hain kritiko izan. Andoni Amonarraizek desadostasun batzuk aipatu zituen eta beste hamar-hamaika proposamen egin zituztela azpimarratu zituen. Podemosek ere proposamen desberdinak azpimarratu zituen. 

EAJ-PNVk adierazi zuen: «EH Bilduren proposamen batzuk beharrezkoak eta interesgarriak direla uste dugu; beste batzuk aldiz, guztiz desegokiak dira, eta 2022an ez direla egingo. Adibidez: errugbi eta futbol klubekin sinatutako hitzarmenera bideratutako 2.000.000 euroen zati haundi bat Zubipe eta Landare zelaia urpean ez geratzeko inbertsioetan gastatu nahi da. Uraren Euskal Agentziaren arabera (URA), ezin dira egin industria eta bizitegi-eremuak urez beteko liratekeelako. Martindegin ekaitz-tanga bat egin nahi da, baina oraindik ez da proiekturik egin eta 500.000 euro gorde dira, aurten ez dela egingo jakinda. 300.000 euro gastatu nahi dira mendiko lurrak erosteko. Beste behin ere, asfaltatuen partida haunditu nahi da 400.000 eurorekin. Eta 10.000 euro gastatzea proposatu da mendiko bizikletak garbitzeko!».

Amonarraizek honakoa argitu nahi izan du: «gure proposamenek hainbat beharrei eman nahi die erantzuna. Alde batetik, errotutako arazoak konpontzea nahi dugu, hala nola, Gudarien plaza (2005-2006an idatzitako proiektua), harrobia edo Ave Mariako basoa. Bestetik, hernaniarren bizi-kalitatea hobetu nahi dugu, eta horretarako, Etxeberriko frontoia estaltzea proposatzen dugu, auzoarekin akordio batera iritsiz gero; horrela, zonarako aisialdi-gune egoki bat sortuko litzateke, eta egunean ordu batzuetan, udal-frontoiak duen karga arintzea lortuko litzateke, pilota-taldeentzako entrenamendu-gune berri bat izango litzake-eta. Jubilatuen Etxeko hormigoizko terraza estaltzea ere eskatu dugu. Era berean, Floridako irteera-bide berrirako egin dugun proposamena aztertzea nahi dugu; gure proposamenak egun dagoen tunela zabaltzea aurreikusten du eta azaldu digutenez,  aztertzen ari dira, nahiz eta guk horren berririk ez izan. Argudioak eman ostean, uste dugu egindakoak zentzuzko proposamenak direla».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!