Hernani Errugbi Elkarteak antolatzen duen XVIII. Garagardo Azoka datorren astean izango da

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 2a, 00:00

Ekainaren 9tik ekainaren 12ra arte iraungo du, ohiko hilabetean, aurreko urtean azaroan eta 2020an bertan behera geratu eta gero.

Hernani Errugbi Elkarteak datorren ostegunetik igandera bitartean Garagardo Azokaren 18garren edizioa antolatuko du Atsegindegin. Jan edanaz gain, musika ere izango da, eta larunba­tean, errugbi barneratzaile txa­­pel­keta eta sari banaketa.

Inaugurazio ekitaldia ekainaren 9an, ostegunean, 19:30etan egingo da, eta bertan, urteko balorazioa eta datorren denboraldiko erron­ken berri emango dute. Baina garagardoak dasta­tzen hasteko aukera arra­tsal­deko 18:00etan irekiko da, bai ostegunean eta baita ostiralean, ekainaren 10ean, ere. Era be­rean, sukaldea 19:30etan irekiko da arratsaldeetan eta 13:30etan larunbatean, ekainaren 11n, eta igandean, ekainaren 12an. 23:00ak arte eskatu ahal izango da jatekoa. Itxi, berriz, egunero, gaueko 00:00etan dago aurreikusita.

Larunbat eta igandean, bes­tal­de, eguerdiko 12:00etan ire­ki­ko dira barrak, eta sukaldea, 13:30e­tatik 15:30etara eta 19:30e­­ta­tik 23:00etara. 

 

Musika, zozketak eta zezen mekanikoa

Ekainaren 10ean, ostiralean, DJ Flanker-ek musika eskainiko du 21:00etatik aurrera, azoka itxi arte. Ekainaren 11n, larunbatean V. Inklusibo Txapelketaren sari banaketa izango da, 19:00etan. Eta ekainaren 12an, igandean, 19:00etan Berriak Elkarteko merkatari eta ostalarien produktuei esker zozketa haundia antolatuko da. 

Aurtengo beste berrikuntza zezen mekanikoa izango da. Azken egunean, igandean, 16:00etatik aurrera jarriko dute martxan eta arratsaldea animatzeko DJ Kriscle-k musika jarriko du.

 

Kronikakideen artean, bi lagunentzako otordua

Bestetik, Garagardo Azoka ireki aurretik, Kronikan, bi lagunentzako otordua zozketatuko da Kronikakideen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!