Datorren igandean, ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da. Horren bueltan, hainbat ekintza antolatu ditu Sagarreta Bioaniztasun Taldeak, eta bertaratzeko deia luzatu die herritarrei.
Gaur ekingo diote egitarauari. Kukubaso Elkartea eta Lurgaia Fundazioa ezagutzeko aukera izango da. Arratsaldeko 19:00etan jarri dute horretarako hitzordua, Biterin. Horrez gain, bihar, ostegunean, Artikutzako urtegia desagerrarazteak dituen ondorioei buruzko Urak aske dokumentala proiektatuko dute, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bego Zubia zuzendaria ere bertan izango da, eta gaiaren bueltako nondik norakoak zuzendariaren eskutik entzuteko aukera izango da.
Azkenik, agenda borobiltzeko, irteera antolatu dute iganderako. Ugaldetxotik abiatuta, Hernaniko lurretara egingo dute bisita, eta bertako basoa eta eukaliptadia ezagutuko dituzte. Aurreratu dutenez, hiru orduko txangoa izango da.
Ekainaren 6an, 'Urak aske'-ren proiekzioa Astigarragan
Astigartarrek ere izango dute Bego Zubiaren ikus-entzunezkoa ikusteko aukera. Ekainaren 6an proiektatuko dute Erriberan, arratsaldeko 19:00etan, dohainik.