«Hernaniko etxebizitzaren irtenbidea AMRko orube zaharrean eraikitzen hastea da»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 1a, 00:00

EAJren esanetan, «Arau Subsidiarioek jasotzen duten moduan, AMR eremua geldirik egoteak eragiten du udalerriaren garapena eragoztea».  

EAJ-PNV Hernanik salatu du EH Bilduren gobernu-taldeak ez duela jakin nahi zein den Florida eta Zubipe/Landare artean eraiki nahi duten bidearen behin betiko kostua. Alderdi jeltzaleak gogorarazi du erabaki falta horrek eragotzi egiten duela AMRko lurretan 308 etxebizitza babestu eraikitzea (tasatuak eta Babes Ofizialekoak): «2016tik eraiki daitezkeen etxebizitza hauek bidearen kostuaren %42 ordaindu behar dute. Hainbat teknikariri galdetu diegu zein izan daitekeen EH Bilduk proposatutako bidearen kostua, kontuan izanda paper fabrikari eta inguruko lurrei eragingo dizkien afekzioak eta obraren kostua: 5 eta 8 milioi euro artekoa izango dela ziurtatu digute». Hori horrela, EAJ-PNVk gogorarazi du etxebizitza babestu batzuek ezin dutela kostu haundi horren %42 beren gain hartu: «horregatik ez dira eraikitzen».

Alderdi jeltzaleak adierazi du Hernaniko etxebizitzaren arazoaren konponbidea AMRen garapenarekin hasten dela, eta galdera hau egin du: «Zergatik ez da aztertzen EAJ-PNVtik proposatzen dugun bidea? Gure proposamenak ez die eragiten ez bizitegi-eremuei (Karabel), ez kirol-eremuei (Zubipe eta Landare), eta ezta ere industria-eremuei (Cominter paper-fabrika); gainera EH Bilduk proposatzen duen bidearen erdia baino gutxiago balio du. Gure proposamenarekin etxebizitzak bideragarriak izango lirateke. Florida auzoko etxebizitza babestuak (tasatuak eta babes ofizialekoak) ez dira eraiki, EH Bilduk ez duelako aztertu nahi EAJk Floridako bide berrirako egindako proposamena». Amaitzeko, EAJ-PNVk gogorarazi du Arau Subsidiarioek Hernaniko etxebizitzak eraikitzeko ordena adierazten dutela: «AMRkoak ez eraikitzeak, ia herri osoaren garapena geldiarazi du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!