Kanpoko jolas igerilekuak ekainaren 18an irekiko dira «normaltasunez»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 28a, 00:00

Jolas igerilekuak 1.500 pertsonarentzako aforoa du.

Atzo aurkeztu zen denboraldi berria eta irailaren 11ra arte iraungo du pandemia aurreko baldintzetan.

Hernaniko kanpoko jolas igerilekuak ekainaren 18an, larunbatean, irekiko dira jendearentzat eta irailaren 11era arte egongo dira zabalik. Atzo aurkeztu zuten kiroldegian denboraldi berria Ane Ibarburu kirol zinegotziak eta Igor Uranga kiroldegiko zuzendariak. «Normaltasuna» itzuliko da igerilekuetara, bi urte iraun duen pandemia eta gero. «Baliabide guztiak martxan jarriko dira», aipatu zuen Ibarburuk.

Horrek esan nahi du, txandak desagertuta, aforo osoa berreskuratzen dela eta egun osoko aukera dagoela. «1500eko aforoa du instalakuntzak eta uretan aforoa 500ekoa da». Berrikuntza izango da, aforoa jakiteko panela jarriko dela instalakuntzan bertan eta baita Udaleko webgunean ere. Ordutegia 10:00etatik 20:00etara izango da. «Pandemia aurretik 11:00etan irekitzen zen, baina pandemian ikusi dugu 10:00etan jendea izaten dela».

Aldagelak ireki egingo dira eta tabernak ere normalkuntzarekin funtzionatuko du. Otorduak emango dira eta gaueko 23:00etan itxiko da, afarientzako aukera eskaintzen delarik. 

Bi aukera daude sartzeko: abonu txartela aterata edo aldian aldiko sarrera erosita. Abonoak bertan edota on-line atera daitezke ekainaren 6tik aurrera, eta sarrerak erosi daitezke ekainaren 14tik aurrera on-line edo zuzenean, instalakuntzan. Beste berrikuntza da «ticketen  salmentarako makina jarriko dela instalakuntzan. Txartel bidez erosi daitezke eta helburua da ilarak saihestea», esan zuen Igor Urangak.

Hernani eta Astigarragako abonatuentzat abonu familiarrak 75,97 euro kostatzen du, banakakoa 50,24 euro eta adintxikia 30,19 euro. Ez abonatuentzat abonuen prezioak ondorengoak dira: 150,93 euro familiarra, 99,42 euro banakakoa eta 60,34 euro adingabea. Erabiltzaileentzat sarrerak 7,76 euro balio du 18 urtez gorakoentzat (3,91 euro, 17:30etatik aurrera), 5,33 euro 18 urtez azpikoentzat (2,79 euro, 17:30etatik aurrera), 3 urtez azpikoentzat 2,69 euro (1,37 euro, 17:30etatik aurrera) eta sei hilabetez beherakoak doan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!