Batel estropada izango da bihar, Elorrabin, Osiñagako festen atarikoa

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 28a, 00:00

2019an Elorrabiko zubia inauguratu zen Osiñagako festetan eta batel estropadak egin ziren.

11:30etan hasiko dira Hernani Arraun Elkarteko maila ezberdinetako gazteak elkarren aurka lehian. 

Osiñaga auzoko jaiak datorren asteko asteburuan ospatuko dira, baina bihar preludio moduko kirol ekitaldi bat izango da Urumea ibaian, Elorrabi parean. 

Hernaniko batelek denboraldi ezin hobea izan dute eta bihar, 11:30etan, Hernani Arraun Elkarteak eta Osiñagako Jai Batzordeak elkarlanean, gazteentzako batel estropada antolatu dute.

Infantiletatik hasi eta kadete mailara arte Hernaniko batelek ikuskizuna eskainiko dute. Ez da ahaztu behar Hernaniko kadete neskak denboraldiko onenak izan direla Euskal Herri mailan eta kirol omenaldia eskaintzeko aukera ederra da, Elorrabira hurbildu eta beraien jarduna txalotzeko eta aitortzeko. 

 

Datorren larunbatean eta igandean maila haundiko ikuskizuna

Herri kirolek Osiñagako festetan garrantzi haundia izaten dute eta aurten oraindik ere ikuskizun erakargarriagoa antolatu da. Ekainaren 4an eta ekainaren 5ean harrijasotzaileak, aizkolariak, giza proba eta segalariak izango dira.

Ekainaren 4an, larunbatean, arratsaldeko 18:00etan Lierni Osa eta Lur Errekondo harrijasotzaileek erakustaldia eskainiko dute. Ondoren, Suharri Rodriguez 'Paolla' eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' bata bestearen aurka lehiatuko dira aizkoran. Biak, Osiñaga auzoan izan dira beti eta esan liteke bertan izan zituztela lehendabiziko erakustaldiak. Ordutik, maila hobetzen joan dira eta gaur egun, hernaniarra eta donostiarra, Euskal Herriko bi aizkolari esanguratsu dira eta goiko mailan dabiltza. Orain astebete Urrezko Aizkolarien finalera sartzekotan izan ziren.

Aizkolariak amaitu eta gero, Aiert 'Paolla', Xabat Arruti, Iraitz Arruti eta 'Leku' giza proban ariko dira harri tiraka.

Ekainaren 5ean, beste ekitaldi garrantzitsua izango da. Gaur egungo bi segalari onenak, bata bestearen aurka lehiatuko dira, eguerdiko 12:00etan. Julen Gabirondo, hainbatetan Euskal Herriko txapeldun izan denak, Jon Otegi oiartzuarraren aurka ariko da Osiñagan, Arriatzu inguruko zelaian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!