Zirt edo zart

Kronika - Erredakzioa 2022ko maiatzaren 28a

Ikastetxeetan ekonomia sozial eraldatzaileari buruzko formakuntza bat eskaintzen dugun aldiro, saioa oso adierazgarria izan ohi den ariketa batekin amaitzea gustatzen zaigu Baturako kideoi. Egoera hipotetiko bat planteatzen diegu ikasleei: imajinatu ezazue bat-batean birus batek mundu mailako pandemia bat eragin duela eta denok hiru hilabetez etxean sarturik egotera behartzen gaituztela. Irudikagarria, ezta? Bada, orain itxialdi hori baldintzatuko duten hiru aspekturen inguruan erabakitzeko aukera izango duzue.

Egiten dizkiegun lehenengo bi galderak erraz erantzuteko modukoak dira: norekin pasa nahiko zenituzkete hiru hilabete horiek eta non? Lagunekin edo familiarekin, hots, maite ditugun pertsonekin, eta naturatik gertu. Horiek dira beti erantzunak. Egunerokoan ere argi dugun zerbait ote?

Goazen hirugarren galderarekin: ondorengo zerrendatik zein zazpi elementu aukeratuko zenituzkete itxialdia pasatzeko? Jasotako zerrenda luzea da, eta denetarik dauka: merkatuko azken mugikorra, liburuak, elikagai ekologikoak, janari lasterra, komuneko papera, sare sozialak, drogak, serieak, etxea garbituko dizun robota… Baita abstraktuagoak diren elementuak ere: elkarbizitza atsegina, auzokideekin harremana, presentzia polizial handia, kalitatezko osasun zerbitzu bat, adierazpen askatasuna…

Jarraian egin beharko duten hautuak baldintza garrantzitsu bat dauka, ordea: haientzat aukeratuko duten hori gainerako herritar guztiek ere jasoko dutela. Denontzat berdina. Eta erabakia haien esku. Piztu da eztabaida.

Saio batetik bestera emaitza pixka bat aldatu daitekeen arren, ikasleen partetik jasotzen dugun erantzuna aurreikusitakoa izaten da orokorrean. Materialismoan erori gabe, eskubide zibilen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta komunitatearen aldeko apustu garbia egiten dute. Hausnarketa eginez gero, denek argi baitute zer den bizitza honetan benetan garrantzia duena. Seinale ona.

Ariketa amaituta, berriz, egoera hipotetiko horretatik errealitatera bueltatzeko eta beren bizitzetan pentsatzeko eskatzen diegu, azken galdera bat luzatuta: zuen egunerokotasunean modu kontziente edo inkontzientean bilatzen eta egiten duzuena duela bi minutu modu hain ziurrean hautatu duzuen horren guztiaren bide beretik doa?

Eta zirkunstantzia aurpegiak maskararen atzean ezkutatzen dira.


Iñaki Agirre Perez
Batura: ekonomia sozial eraldatzailearen mapa
Batura.eus

Hernaniko Elkarlan Sorgunea

Iturola.eus

Florida Auzoa,28 - 20120 Hernani

 

Talleres Mitxelenak babestutako atala

Eziago Poligonoa, 21
Zikuñaga Auzoa, Hernani
www.talleresmitxelena.eus

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!