'Burujabetzaren bidetik', gaur Oronan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 27a, 00:00

18:00etan, Orona Fundazioan, aurkeztuko da Andoni Eizagirrek eta Ion Muñoak koordinatutako liburua.

Gaur, 18:00etan, Orona Fundazioaren Areto Nagusian egingo da Burujabetzaren bidetik- bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea liburuaren aurkezpena. Oreki Fundazioak sustatutako obra kolektiboa Andoni Eizagirre (Mondragon Unibertsitatea) eta Ion Muñoak (Deustuko Unibertsitatea) koordinatu dute, eta hogei bat egileen lanak biltzen ditu. Horien artean Enrike Ayerbe hernaniarrak idatzi zuen Euskal herrigintza: iragana aztertzen, gerogintzaren asmotan lana irakurri daiteke. Eibartarra jaiotzez, Hernanin Jauregi auzoan bizi izan zen urte luzez. Lan oparoa du bere atzetik.

Gerogintzaren asmotan, esperientziaren zentzutik ikasi genezakeena nabarmendu nahi da liburuan. Horretarako diziplina ezberdinetako lanak eta hainbat ekimen herrigileren testigantzak bildu dira. «Auzolanetik hasi gaitezke, dinamika komunitarioaren adierazpiderik bistakoena delako, aipa genezake halaber diktadura garaian gizarte-mugimenduek azaldu zuten potentzialitate zibikoa, edo euskeraren espazioak eta ekonomia sozialak egun duten indarra… Euskal ondarean nahikoa elementu badaude kontakizun propioari zentzua ematen diotenak, eraldaketa haundien sasoian eta erronka berrien aurrean guztiontzat erantzunak bilatzen lagun gaitzaten».
Ekitaldi horren barruan, Euskalerrigintzaren geroari buruzko eztabaida bat egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!