Hernani Andoainen aurka, gaur kiroldegian finalaurdenetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 27a, 00:00

Jon Jara, Aretxabaletaren aurka.

Herriartekoaren joaneko hiru partiduak jokatuko dira eta kadeteena 19:30etan hasiko da.

C.D. Hernaniko pelotariek 19 partida jokatuko dituzte asteburuan, une honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan. Garrantzitsuenak, Herriarteko txapelketaren final laurdenetan jokatuko diren joaneko hiru partiduak izango dira. 

Gaur, 19:30etan, kiroldegiko frontoian jokatuko dira Hernaniren eta Andoainen arteko finalaurdenetako kanporaketaren joaneko partiduak. Derbi parekatu eta zirraragarria espero da, non inoiz baino beharrezkoagoa izango den herriko pelotazale guztien animoa eta laguntza. 

Kadeteetan, Xuban Iturbe eta Oihan Legarreta hernaniarrek, Salbador eta Uria dituzte aurkari. Partidu parekatua espero da, lau pelotariek antzeko maila dute eta urduritasuna kontrolatzen duen bikoteak lortuko du seguruenik puntua.

Gazteen mailan Jon Jara eta Unai Etxarrik, Gaztañaga-Beloki bikote sendoa izango dute aurrez aurre. Andoaingo bikotea da faboritoa, Beloki kategoriako atzelari onenetako bat da, enpresa profesionalek aurre-kontratu bat egin diote dagoeneko. Hernaniko bikotea ez dago sasoirik onenean, baina lehiakorrak dira eta une garrantzitsuetan hazi egiten dira. Ziur asko gauzak zail jarriko dizkiote Andoaingo izarrari.

Nagusietan Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak jokatuko dute, Eskudero II eta Usandizagaren kontra. Hernaniko bikotea da faborito. Lizeagak Usandizagaren aurrean diferentzia markatu behar du eta Apaolazak, nerbioak kontrolatzen baditu, Eskudero II.a baino gehiago dela erakutsi behar du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!