Hernaniko Udalak, Finantza Etikoak, Amher eta Kaleratzeak Stop Deshaucios elkarteekin elkarlanean, mikrokredituen kanpaina jarri dute berriz martxan. 90.000 euro bideratu dituzte beharra duten pertsonak laguntzeko funtsa batera. Bazterketa arriskuan dauden pertsonak laguntzeko dira kredituak eta gehienez 4.000 eurokoak dira eta interesik gabeak. Bost urteko epearen barruan itzuli behar dira.
Hernanin erroldatuta, gutxienez urtebete, eta oinarrizko gastu bati aurre egiteko larrialdi egoeran egon behar da, eskatu ahal izateko. Baldintzak betetzen badira, Udalak, Finantza Etikoak, Amherrek eta Stop Kaleratzeak osatutako batzorde batek eskaera aztertuko du. Eskaerak udaletxean, Herritarren Harrera Zerbitzuan egin daitezke. Eskaerak kudeatzeko eta ematen diren maileguen jarraipena egiten du Udalak. finantza Etikoak-ekin sinatu zuen hitzarmena eta 2024ra arteko indarraldia du.
2016an sortu zen egitasmoa, Hernani Erabaki prozesuan
Xabier Lertxundi alkateak, aurkezpenean, azpimarratu zuenez «mikrokredituak banatzearen egitasmoa 2016ko Hernani Erabaki prozesuaren barruan sortu zen». Udala konprometituta egon da sei urtez eta laguntzeko funtsa, 30 mila eurotik 90 mila eurora igaro da.
Nekane Idarretak ordezkatu zuen Finantza Etikoa eta banaketaren xehetasunak argitu zituen. «Eskatzailearen egoera zerbitzu sozialetan ikertzen da eta zer kondiziotan itzuli behar den dirua ere bai. Hortik batzorde batera bideratzen da eta bertan erabakitzen da baldintzak betetzen diren edo ez eta eman edo ez mikrokreditua».
Alfonso Gutierrez Amherreko ordezkariak esan zuenaren arabera, «36 eman dira eta %58ak inklusioan hobekuntzak lortzeko bideratu dira, lan merkatuan sartzeko ikastaroetan esaterako. Beste %42a behar puntualetarako erabili da. Bazterketa arriskuari lotuak daude. Eskaeraren bataz bestekoa 2.500 euro izaten da». Kaleratzeak Stop elkarteko Kike Riañok gogoratu zuenez, «Hernani aitzindaria izan da mikrokredituetan». www.hernani.eus-en baldintza eta informazio gehiago eskuratu daitezke.