Sexu eta genero disidenteen arteko aliantza feministak hizpide, gaurko mahai-inguruan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 25a, 00:00

Herritarrei kaletik bideoz grabatutako elkarrizketak ere ikusgai izango dira gaurko mahai-inguruan. 

Gorputz desbideratuen errebolta zikloak, gaur izango du azkeneko hitzordua, arratsaldeko 18:30etan antolatutako mahai-inguruarekin. Kulturarteko Plaza Feministak burutuko du mahai-ingurua, eta ondoko gaia izango dute hizpide: Unibertsoetatik multibertsoetara; sigletatik komunitatera

Gaurko mahai-inguruaren helburua da «urratsak ematea sexu eta genero disidenteen arteko aliantza feministak eraikitzeko, LGTBI sigletan oinarritzen diren politika identitarioak gaindituz, herriko egoera eta aukerak aztertuz, eta erronka posibleak identifikatuz».

Hau guztia gidatuko du Jokin Azpiazu soziologo eta ekintzaileak, eta gonbidatuen artean, Kattalin Miner, Ibai Fresnedo (Egham elkarteko kidea), Brayan Altimasberes (Loratuz Lotu elkarteko kidea), Alex Iturralde, eta Kattalin Artola (Hernaniko Koordinadora Feministako kidea) izango dira. 

Beraz, gaurkoan, mahai gainean jarriko dira LGTB+ errealitateen inguruko gaiak, besteak beste, ereduaren beharra, kezkak eta erronka politikoak. Horrez gain, antolatzaileek aditzera eman dute, herritarrei kaletik bideoz grabaturiko elkarrizketak ikusgai izango dituztela mahai-inguruan: «baita Aner Peritz, Maddi Aiestaran eta Eli Pagola bertsolariek bideoz grabaturiko bertsoak ere».  

 

'Perreo feminista', jabetze eskolan, larunbatean

Larunbatean, 10:00etatik 13:00etara, Perreo feminista izango da Emakumeentzako Jabetze Eskolaren barruan. Aurrez izena eman behar da eta gaztelaniaz da, Kulturarteko Plaza feministan. Joan den larunbatean izan zen lehenengo saioa eta larunbatekoa bigarrena izango da. Hilabetean zehar ekitaldi asko izan dira.k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!