Ezker abertzaleari erantzuna, Hernaniko Gazte Asanbladak eta Mugimendu Sozialistak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 24a, 09:43
Atzo bildu ziren Gazte Asanblada eta Mugimendu Sozialista, Gaztetxearen ondoan.

Atzo arratsaldean, Hernaniko Gazte Asanbladak eta Mugimendu Sozialistak, prentsaurrekoa eman zuten, «azken asteetan Ezker Abertzaleak Gaztetxearen, Gazte Asanbladaren eta Mugimendu Sozialistaren kontra egin dituenak salatzeko»

Azken egunotan jazotako gertaera eta eztabaiden harira,  agerraldia egin zuen atzo Hernaniko Gazte Asanbladak eta Mugimendu Sozialistak, ezker abertzaleari erantzuna emanez: «Azken asteetan Ezker Abertzaleak Gaztetxearen, Gazte Asanbladaren eta Mugimendu Sozialistaren kontra egin dituenak salatzeko elkartu gara».

Hasteko, honakoa adierazi dute: «esan nahi dugu Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxea eta Gazte Asanblada jardun publiko irekia gauzatzen duten espazio eta eragileak direla, gizartea eraldatzeko asmoz jardun nahi duen edozein gazteri irekiak daudenak. Horren adibide dira formakuntzarako, borrokarako edota aisialdirako modu desinteresatuan egiten ditugun aktibitate guztiak. Edozeinek parte hartu dezake gaztetxean, bai eta bere osaketan ere. Kasu denetan bezala, momentuan gaztetxea osatzen duten kideen araberako izaera hartzen du horrek. Zer gertatu da Ezker Abertzalea eta bere orbita gaztetxearen eta bertako kideen aurka oldartzeko? Ba, gaztetxea kontrolpean -zuzenean edo zeharka- edukitzeari utzi diotela, berau osatzen dugun kideok ildo politiko horretan sinesteari utzi diogulako. Arazo bihurtu da beraientzat Kontrakantxa, boikota egin beharreko zerbait. Era berean, jarrera ohikoa da hori kritika politikoa erasotzat hartu eta horri arrazoituz erantzun beharrean erasora jotzen duenarentzat. Beraz, uste dugu Kontrakantxak, eta baita bertako kideok ere, errespetua merezi dugula. Hipokrisia eta zinismo galanta ikusten ditugu gaztetxea aurrera ateratzen ari garen kideoi berau pribatizatzea egotzi bitartean, Hernaniko Gazte Mugimenduaren izenean hitz egin eta gaztetxea edo GKS bezalako antolakundeak bertatik kanpo uzteko ekintzan».

Jarraian, adibide batzuk elkarbanatu dituzte: «Azken asteetan intentsifikatzen ari den gure aurkako jarduna urteetan eduki duten gureganako politikaren jarraipena da eta horren adibide batzuk dira hauek: 1. Gure kartel, pankarta eta abarren aurka egitea. Hori frogatzen du, esaterako, Ernaiko arduraduna Mugimendu Sozialistaren pankarta bat kentzen harrapatu izanak. 2. Gazte Asanbladak abiarazitako “Ez da delitua” dinamika boikoteatzea (isunak ordaintzeko, tartean Ezker Abertzaleko batena, milaka euro bildu dituen dinamika). Horren adibide da urriaren 2an antolatu genuen elkartasun eguna teilakatuz, egun horretan bertan Ezker Abertzaleak “Independentzia eguna” antolatu izana. 3. Gazte Asanblada “blokeatzeko” helburuarekin Zartada ekimena sortu izana, Ernaikoek hitzez hitz horrela adierazi ziguten moduan. Jardun horren emaitza da, adibidez, Gazte Asanbladak urtero antolatzen duen ekainaren 25eko herri bazkaria ekiditeko helburuarekin Udaletxeari egun eta leku berean Zartadaren bazkaria egiteko baimena eskatzea, azken hauen konplizitatea eta botere posizioa baliatuz. 4. Gaztetxeak jasan dituen dozena-erdi baino gehiago lapurreta eta eraso fisiko kasuren aurrean izan duten pasibotasuna».

«Azken asteetan hori guztia areagotu egin da. Lehenik eta behin, Bilgune Feminista eta Ezker Abertzalearen artean Mugimendu Sozialista txosna batzordetik kanporatu zuten, inolako justifikaziorik gabe, azken horri txosna jartzeko eskubidea ukatuz. Ezker Abertzalea, gainera, EH Bilduren indar posizioari eta instituzio publikoak errazten dizkion baliabideei esker, udaletxean ere erabaki hori sustengatu eta Mugimendu Sozialista festa eremutik kanpo uzteko ahaleginak egiten ari da. Horren ondoren eta txosnarik gabe uzteko saiakerek eraginda, maiatzaren 14an, Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Egunean, gaztetxean eta parranda giroan, Mugimendu Sozialistako kide batek hori guztia aurpegiratu zien gure kontrako jardunean ari diren Ezker Abertzaleko hainbat kideri, berarengatik balitz bertan ongi etorriak ez direla esatearekin batera. Gauzak horrela, gertakari hori aitzakiatzat hartu du Ezker Abertzaleak biktima izaera antzezteko eta gure aurka gogorrago egiten saiatzeko. Pasa den ostiralean Gazte Mugimenduaren izenpean egin zuten prentsaurrekoa horren adibide argia da. Gaztetxeko gertakarien gaineko gezurrak zabaltzen ari dira (Ezker Abertzaleko kideak indarrez bidali genituela gaztetxetik adibidez; izan ere, ez genituen bidali ere egin) eta bertatik fikzio bat egin nahi dute. 

Gaztetxearen eta, oro har, Mugimendu Sozialistaren aurkako jazarpena zilegitzeko asmoa duen prentsaurreko horren lehenengo emaitzak pasa den asteburuan ikusi ditugu. Ezker Abertzaleko hainbat kidek Mugimendu Sozialistako hainbat kide mehatxatu zituzten, “Ezker Abertzalearen aurka egiten baduzu lepoa moztuko dizut” bezalakoak esanez, eta horietako bati ostikada bat eman zion Ezker Abertzaleko batek. Gainera, Mugimendu Sozialistako baten lagun bati zaplazteko bat ere eman zion. Horra hor aurreko eguneko prentsaurrekoak bilatzen duen inpunitatearen adibide bat». 

Eta honakoa ondorioztatu dute Gazte Asanbladak eta Mugimendu Sozialistak: «Ezker Abertzalea nahiz eta itxura anitz, herrikoi, erradikal edota iraultzailez mozorrotu, gaur-gaurkoz, estatu kapitalista eta espainiarrean integratuta dagoen alderdi-mugimendu bat gehiago da. Hori dela eta, Estatuari funtzionala zaion papera betetzen du; beste gauza askoren artean “euste-horma” modura. Besteak beste, Estatuarekiko independenteki eta horren aurkakotasunean lan egin asmoz ari garen komunistok blokeatzeko eta sozialki jazartzeko funtzioa betetzen bukatzen du eta horretarako Estatuaren baliabideak erabiltzen ditu, izan diru publikoa edota instituzioak, udalak kasu. Horretan guztian gutxi balio dute antolakunde horietako kideen asmo deklaratuek, estrategikoki eta egunerokoan gauzatzen duten politikari erreparatzea delako garrantzitsuena». 

Amaitzeko ondorengoa azaldu dute: «testuinguru horretan, adierazi nahi dugu ez dugula Gaztetxearen, Gazte Asanbladaren eta Mugimendu Sozialistaren aurkako erasorik onartzen eta hauek salatzen jarraitzeko asmoan berresten garela. Hernaniko herritarrei ere deia luzatu nahi diegu norabide horretan ekarpena egin dezaten. Ildo beretik, gure eskubideak defendatuko ditugula ere adierazi nahi dugu, beste edozein eragilek daukan txosna jartzeko eskubidea kasu. Horretarako gainera, Ezker Abertzalea eta Bilgune Feminista gu txosnarik gabe uzteko erabakia zuzentzera deitzen ditugu».

Hemen prentsaurrekoaren bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=6gR1VO80rls

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!