'Miró Zabalagan' erakusketa aurkeztu zuten pasa den ostiralean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 24a, 00:00
Erakusketa Chillida Lekuko baserrian. Argazkia: Chillida Leku.

Dagoeneko ikusgai dago 'Miró Zabalagan' erakusketa, eta azaroaren 1era arte dago aukera. 

Ostiralean aurkeztu zuten  Miró Zabalagan  erakusketa, Joan Miró eta Eduardo Chillidaren adiskidetasuna omenduz eta ikusgai egongo da azaroaren 1era arte. Miró Zabalagan osatzen duten piezek ideia sinplea baina fisikoa transmititzen dutela adierazi zuten aurkezpenean, «Chillidaren obra handi baten eta Miró-ren obrak uztartuz». 

Erakusketa osatzen duten eskulturek, marrazkiek eta grabatuek artistaren ohiko gaiak jorratzen dituzte eta «horiekin batera, kolorez bete da baserria. Obrak beren artean erlazionatzen dira eta aretoak taldekatzen dira, beren baitan konposizio bat osatzeko asmoz. Miróren corpusa Eduardo Chillidaren lanekin elkartzeak aparteko testuingurua sortzen du bi artisten arteko elkarrizketa aberasgarria sortzeko, ikuspegi ezberdinetatik biengana hurbiltzeko aukera bat eskainiz». Azpimarratu duenez, Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendariak, «obrak elkarrekin erlazionatuta daude, baina ez dira ukitzen, banaka aurkezten dira». 

 
Baserri kanpoan, gehiago 

Chillida Lekuko baserri kanpoan Miró Zabalagan erakusketa osatzen dute bi obra daude: Oiseau solaire eta Femme. Lehenengoak, txori baten forma hartzen du: «2 tonako pisua duen txori bat irudikatzen du eta Carrarako marmolezko bloke bakar batetik egina dago, buztana eta hegalak izan ezik». Pieza hau Zabalaga baserrira doan bidearen goialdean dago, eta jatorrizko lehen marrazki batetik sortutako hainbat bertsio ditu. Marrazkiaren diseinua baserriaren lehen solairuan ere ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek. 

Femme izeneko pieza, berriz, baserriko armarriaren aurrean jarri dute. Eskultura honen gainean maskor kiribil bat dago, artistaren iruditegiaren espiral eta ikonoaren sinboloa, emakumeen unibertsoa gogorarazten duena. Horrela, Mirók eguneroko material eta objektuekin eraikitako pertsonaia-eskultura batzuk erakusten ditu, bisitariak baserrian bertan deskubritu ahal izango dituenak.

Gogoratu, dagoeneko ikusgai dagoela Miró Zabalagan erakusketa, eta 2022ko azaroaren 1era arte egongo dela aukera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!