Lehenengo mailan jarraituko du Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 23a, 00:00

15 puntu lortu zituen Elizegi hernaniarrak, bueltako partiduan.

Irabazi egin zuen bueltako partidua ere, Askatuaken kantxan (68-70), eta mailari eustea lortu du.

Partidu erabakigarrietan bere maila onena erakutsita, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan jarraituko du Hernanik, datorren denboraldian. Larunbat iluntzean jokatu zuen bueltako partidua, mailari eusteko kanporaketan, Askatuak taldearen kantxan. Joanekoan lortutako bederatzi puntuko aldea defendatu behar zuen, baina irabazi egin zuen bueltakoa ere (68-70).

Ez zen ondo hasi partidua talde hernaniarrarentzat, Donostiako Paco Yoldi kiroldegian. Joanekoan lortutako abantaila, ia osorik murriztu zuen Askatuakek, aurreneko laurdenean (22-15). Baina ez zeukan asmorik Hernanik, etxean lortu zuen altxorra galtzeko; eta atsedenaldira iritsi aurretik orekatu zuen partidua (32-31).

Indarra eta animoak eman zizkien horrek, eta garaipenaren bila kantxaratu ziren bigarren zatian. Buelta eman zioten markagailuari, eta hirugarren laurdenean 47-51 aurreratu ondoren, eutsi egin zioten azkeneko 10 minutuetan, bukaera estu eta lehiatuan. Noble (17 puntu), Berrondo (16) eta Elizegi (15) izan ziren taldeko saskiratzaile onenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!