Mahai ingurua etzi, «sexu eta genero disidenteen arteko aliantza feministak» eraikitzeko bidean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 23a, 00:00
'Moio' kalearen inaugurazioan izan zituen momentu hunkigarrienak, zikloak.

'Unibertsoetatik multibertsoetara; sigletatik komunitatera' mahai ingurua izango da Kulturarteko Plaza Feministan, 18:30etan hasita.

Etzi izango du azkeneko hitzordua Gorputz desbideratuen errebolta zikloak, Ehgam eta Loratuz Lotu elkarteek antolatuta, Kulturarteko Plaza Feministarekin eta Berdintasun Kontseiluarekin elkarlanean. Mahai ingurua egingo dute asteazkenean, arratsaldeko 18:30etan hasita, Kulturarteko Plaza Feministan: Unibertsoetatik multibertsoetara; sigletatik komunitatera

Mahai inguruaren helburua izango da, «urratsak ematea sexu eta genero disidenteen arteko aliantza feministak eraikitzeko, LGTB sigletan oinarritzen diren politika identitarioak gaindituz, herriko egoera eta aukerak aztertuz, eta erronka posibleak identifikatuz».

Jokin Azpiazu soziologo eta ekintzaileak gidatuko du mahai ingurua, eta hainbat gonbidatuk hartuko dute parte, gehienak hernaniarrak: Kattalin Miner kazetari, idazle eta ekintzaile feminista; Ibai Fresnedo, Ehgam elkarteko kidea; Brayan Altimasberes, Loratuz Lotu elkartekoa; Kattalin Artola, Hernaniko Koordinadora Feministako kidea; eta Alex Iturralde.

LGTB+ errealitateen inguruko gaiak landuko dituzte saioan: ereduen beharra, kezkak eta erronka politikoak. Eta, era berean, aztertuko dituzte herriko mugimendu feministarekin zubiak eraikitzeko urratsak.

Gainera, ikusgai izango dira herritarrei kalean grabatutako elkarrizketen bideoak, eta Aner Peritz, Maddi Aiestaran eta Eli Pagola bertsolariek bideoz grabatutako bertsoak.

Maiatzaren 3an hasi zen Gorputz desbideratuen errebolta zikloa, Zinegoak jaialdiko filmeekin. Aimar Elosegi Ansa Moio kalea inauguratu zuten maiatzaren 14an; eta kontzentrazioa egin zuten 17an, LGTBfobiaren kontrako Nazioarteko Egunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!