Egunpasa ederra Berriaken eskutik, Rioja Vega bodegara

Kronika - Erredakzioa 2022ko maiatzaren 22a

Vianara joan zen taldea, atzo goizean, autobusa hartu aurretik.

Egun ederra izan zen atzokoa, 25 bikoterentzat: Vianako Rioja Vega bodegara irteera egin zuten, Berriak elkartearen eskutik. Beraiek izan ziren zozketako sarituak, erosketak Hernani Txartelarekin ordaindu zituztenen artean.

Eta ondo baino hobeto aprobetxatu zuten eguna. Goizeko 11:00etan autobusean abiatu ziren 50 lagunak, Berriak elkarteko zenbait ordezkarirekin batera, Atsegindegitik. Bidaia luzeak ez zuen haien zirrara itzali, plan ederra baitzeukaten zain Vianan.

Rioja Vega bodegara iritsi bezala, harrera egin zieten bertakoek, eta bisita gidatua ondoren, ardoa egiteko prozesu osoa azalduz. Bisitak izan zuen geldialdi berezi bat, gainera: usainen gela. Areto bitxia da, bodega gutxik daukatena; eta bertan, hainbat urna daude, usain ezberdinekin. Horiek usaindu, eta barruan zer zegoen asmatzen saiatu ziren bisitariak: kafea, kortxoa, amapolak...

Ardoaren prozesua ezagutu ondoren, ardoa bera probatzeko aukera izan zuten. Lau ardoren dastaketa egin zuten, zehazki: kriantza, ardo beltza, ardo txuria, eta erreserbakoa. Eta horren ondotik, jangelara igo ziren, sekulako menuaz gozatzeko, bertako produktuekin: Nafarroako zainzuriak, pikillo piperrak, Tudelako kogolloak, potxak barazkiekin, eta arkume txuletillak. Sagar hojaldrea izan zuten postrea, eta txupito bana ere eskaini zieten, bukatzeko.

Bodega eta ardoa gertutik ezagututa, eta bapo bazkalduta, autobusa hartu zuten berriro, bueltako bidea egiteko. Baina aurretik, azkeneko sorpresatxo bat eman zieten, Rioja Vega bodegakoek: kriantza ardo botila bana eman zioten opari, bisitari bakoitzari. Pozik bueltatu ziren denak Hernanira, arratsaldeko 19:00etarako.

 

Sorpresa eta kanpaina potolo gehiago aurten, Hernani Txartelarekin

Atzoko egunpasarekin, Berriak elkarteak eskerrak eman dizkie, erosketak herrian eta Hernani Txartelarekin egiten dituztenei. Eta era berean, txartela sustatzen jarraitu nahi izan du. Zentzu horretan, berezia izango da aurtengo urtea, aurreratu dutenez. Izan ere, horrelako sorpresa eta kanpaina potolo gehiago izango dira. «Hernani Txartela ez daukatenak, joan daitezela eskatzen, gauza potoloak datoz eta!», ohartarazi dute. Irailean, eskolara bueltarekin, 5, 10 eta 25 euroko deskontuen kanpaina izango da, zuzenean aplikatuko dituztenak. Aurrerago, berriz, 500 euroko bonoak ere zozketatuko dituzte, parte hartzen duten komertzioetan gastatzeko. Eta Gabonetan, erregetako roskoak zozketatuko dituzte berriro, aurreko urteotan arrakasta haundia izan duen kanpainaren bitartez.

Doakoa da Hernani Txartela, betirako; eta ez da banku aldaketarik egin behar, horretarako: zure bankuarekin jarraitu dezakezu, eta Hernani Txartela banku horrekin erabili. Berriak elkartearen webgunean (hernanidendak.eus), elkartearen bulegoan (Andre Kalea 30) eta Hernaniko Rural Kutxan eskatu daiteke. Sariez gain, abantaila ugari ere jaso ditzakete erabiltzaileek. Esaterako, ordainketak hiru zatitan egitea eskatu dezakete: komertzioak hasieratik kobratuko du dena, baina bezeroak hiru zatitan ordaindu. Bientzat da onuragarria, beraz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!