«Kontrakantxa ez da gazteok libreki parte hartzeko espazio ireki bat»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 22a, 00:00

Hernaniko Gazte Mugimenduko kideak, Tilosetan egin zuten agerraldian.

Agerraldia egin zuen Hernaniko Gazte Mugimenduak, ostiralean Tilosetan.

Azken egunetako eztabaidaren harira, agerraldia egin zuten Hernaniko Gazte Mugimenduaren izenean, ostiral arratsaldean, Tilosetan. Bertan, berretsi zuten bi kide Kontrakantxa gaztetxetik kanporatu zituztela aurreko larunbatean, «Mugimendu Sozialistako hainbat kideren eskutik, gaztetxean ongietorriak ez zirela behin eta berriz errepikatuta, eta jarrera autoritario eta erasokorra erabiliz».

«Azken egunotan entzun ditugun gezurren aurrean, argi esan nahi dugu, erasoa jasan zuten gazteak Gazte Mugimenduko eragile desberdinetako militanteak direla, ez Ernaikoak soilik; eta kontzertu bat ikustera joateagatik izan zirela kanporatuak, Txozna Batzorde eta beste edozein gairekin zerikusirik izan gabe», gaineratu dute.

Zentzu horretan, azpimarratu dute ez dutela «horrelako beste jarrerarik onartuko», eta azken egunak ez direla «batere errazak» izan: «herriko egoera konplexua da, nekagarria, baina larunbateko gertakariak inflexio puntu batera eraman gaitu, eta salaketa publiko hau egin beharrean sentitu gara. Ez gara eroso sentitzen azken urteotan Mugimendu Sozialistak gaztetxean daraman dinamikarekin; gaztetxeak historikoki eduki duen dinamika, funtzionamendua, baloreak eta funtzioa guztiz aldatu dira, eta ez da gazteok libreki parte hartzeko espazio ireki bat».

Eta bukatzeko, diote: «badakigu zenbait egoeratan herriko eragile desberdinen arteko talkek tentsio egoerak sortzen dituztela espazio publikoetan. Guk espazio aske, seguru, euskaldun eta feministetan sinisten dugu. Herritik eta herriarentzat sortutakoetan, guztiok onartuak izango garen espazio baketsu eta anitzetan. Hori bermatu dadin, herritar guztiok daukagu ardura, eta konpromezu batzuk hartu behar dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!