Kultur Aniztasunaren Nazioarteko egunean, harrera plana berritu da

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 21a, 00:00
Atzo aurkeztu zuten Kulturar Aniztasunaren Nazioarteko Eguna.

Gaur ospatzen da eta Hernaniko herritar orori zabalik dagoela aldarrikatu du Udalak.

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko eguna da gaur eta aurkezteko, Kulturarteko Plaza Feministan bildu ziren atzo, Hernaniko Udaleko Berdintasun, Kulturartekotasun eta Lankidetza Saileko eta Amher SOS-Arrazakeria elkarteko ordezkariak.

Udaleko Kulturarteko sailetik nabarmendu nahi izan zuten Hernanin kulturartekotasun haundia dugula. «Hori aberastasun modura hartzen dugu. Hernani zabalik dago herritar orori: harrera herria izatea nahi dugu, bakoitzaren jatorria edozein dela ere. Udaleko Kulturartekotasun Sailetik herrira iritsi berri direnentzat harrera plana berritu dugu eta orain baliabide gida berri bat osatzen ari gara. Gainera, laister zabalduko da Harrera Integralerako bulegoa».

Udaleko Kulturartekotasun Sailetik egiten den lana, lotuta dago, batez ere, Amher SOS-Arrazakeria elkarteak egiten duen lanarekin. «Amherrek 20 urte daramatza herrian kultur aniztasuna ikusarazten eta kulturartekotasuna lantzen. Baita arrazakeriaren aurkako lana egiten ere. Azken 15 urteetan egin den moduan, Hernaniko Udalak Amher elkartearekin hitzarmena sinatu du aurten. Hitzarmen horrek hiru langile izatea ahalbidetzen dio Amherri». Hitzarmenak jasotzen duen berritasun nagusietako bat da Amherren bulegoa Kulturarteko Plaza Feministan kokatzea.

Amherreko langile den Fatima Fernandezek elkarteko bolondresen lana azpimarratu zuen. «Izan ere, garrantzitsua da bertakoak zein etorkinak bat egiten duten sarea. Bolondresek etorri berriei eskaintzen dizkiete, besteak beste, euskera eta gaztelania klaseak, eta bestelako zereginetan ere parte hartzen dute: etorri berriei ingurua erakutsi eta elkarrekin ezagutu, gestioak egiten lagundu...Fernandezen ustez, hor sortzen da benetako elkarbizitza».

Atzerritartasun legeak eragiten dituen trabei aurre egiten jarraitzen dute Amherren, hainbat alderdiri dagokionez: errolda, etxebizitza, alokairuak, ikasketak... Azpimarratu dute instituzioen papera garrantzitsua dela, baina baita ere herritarren ardura dela pertsona etorkinei egiten zaien harrera eta eguneroko praktikak zaintzea. Amher SOS-Arrazakeriaren bulegoa Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan dago. Harremanetarako: amhersosarrazakeria@gmail.com / 667 710 928 / 650 294 390 / 671 116 414.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!