Hernani podiumean, Gipuzkoako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 21a, 00:00

Hernani Gimnastika Kirol Klubeko gimnastak, Gipuzkoako Txapelketan.

Gimnastek taldekako zein banakako kategorietan lortu zuten lehenengo postuetan amaitzea.

Joan den asteburuan, Gimnasia Erritmikoko Gipuzkoako Txapelketa izan zen Irunen. Bertan izan ziren Hernani Gimnastika Kirol Klubeko gimnastak, eta emaitza ezin hobeak lortu zituzten taldekako zein banakako kategorietan. 

Taldekako modalitatean, Kadete B taldeak hirugarren postua lortu zuen eta Senior A taldeak, berriz, bigarren postua. 

 

A mailara, June Clementek eta Erika Marquezek

Bikain aritu ziren hernaniarrak banakakoan ere. Senior B mailan, June Clementek bigarren postuan amaitu zuen txapelketa, uztaiarekin eta modalitate orokorrean. Alebin A mailan ere, Erika Marquezek zilarra lortu zuen sokarekin eta modalitate orokorrean. Modu horretan, A mailan lehiatuko dira aurrerantzean.

Maila gorenean, Ainara Rueda bosgarren izan zen maila altuko senior A kategorian. Bestalde, infantil B kategorian, Naroa Ascensiónek, Aizpea Otaegik eta Ainhoa Paredosek laugarren, bosgarren eta seigarren postua lortu zuten, hurrenez hurren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!