Hernanik final laurdenetarako sailkapena itxi nahi du kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 21a, 00:00
Xuban Iturbe, pelotari kadetea.

17:30etan hasiko dira kanporaketa eta hernaniarrek 3-0ko abantaila lortu zuten pasa den astean.

Hernanik, Herriartekoan, final laurdenetako sailkapena lortu nahi du gaur Aretxabaletaren aurka, 17:30etatik aurrera, kiroldegiko frontoian. Hernaniarrek arazorik ez lukete eduki beharko, joanekoan 0-3 irabazi eta gero kanpoan. Aretxabaletan, nagusien mailako partidua izan zen berdinduena eta jubenilek partidu berdindua jokatu zuten erdira arte. Aldiz, kadeteek, erraz irabazi zuten beraien puntua.

Josu Oiaga buru duen entrenatzaile taldeak honako pelotari hauek deitu ditu kanporaketa hau jokatzeko: Kadeteetan Xuban Iturbe, Ohian Legarreta, Oier Azpeitia eta Markel Urdangarin. Pasa den astean Iturbe eta Azpeitiak jokatu zuten. Bata aurreneko urtekoa da, baina indartsu dator; eta bestea ere ondo ari da jokatzen. Bikote polita osatzen dute. Eta jubeniletan, Jon Jarak eta Unai Etxarrik jokatu zuten. Gaurko Jon Jara, Unai Etxarri, Unax Manterola, Oier Alegria eta Julen Deskarga deitu ditu Oiagak. Nagusietan, Xabier Salaberria edo Xabier Apaolaza ariko dira aurrelari eta atzean Josu Altuna edo Markel Lizeaga. Aretxabaletan Xabier Salaberria eta Josu Altunak jokatu zuten.

Final laurdenetara sailkatzen den taldeak Andoain edo Alegia izango du aurkari, kanporaketa horretan. Joanekoan andoaindarrak 2-1 nagusitu ziren, baina irabazi zituzten bi partiduak estuak izan ziren eta galdutakoa erraza izan zen alegiatarren alde. Gainera, bueltakoa Alegian izango da.

«Klubetik animatu nahi ditugu Hernaniko pelotazale guztiak, gaur frontoira joatera, gure pelotariak animatzera, denboraldiko txapelketarik ezagunenean bere laguntza behar dugu beti bezela», nabarmendu dute CD Hernaniko pelota arduradunek.

Bestetik, atzo Tilosetan, Pelota Eskolako Txapelketa hasi zen jokatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!