35garren Txalaparta Festa ospatuko da bihar Tilosetan topaketa, bazkaria eta jaialdiarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 20a, 00:00

Gaur 19:00etan, Biterin, 'Baratzean' txalaparta kontzertua eskainiko du Hutsun taldeak.

Txalaparta Festa normaltasunera bueltatuko da aurten eta atzo Biterin, Txalaparta hurbilketa kritiko bat aurkezpena izan eta gero, gaur Baratzean txalaparta kontzertua eskainiko da, Biterin 19:00etatik aurrera, Hutsunen eskutik. 2020an ez zen Txalaparta Festarik izan

2020an txalaparta soinuak ixilik geratu ziren pandemiaren eraginez eta pasa den urtean Txalaparta Festa ezberdina antolatu zen. Aurten normaltasunera itzuliko da, 'Hernani' Musika Eskola Publikoko Ttakun Ttan Ttakun taldeak antolatuta. Bihar ospatuko dute egun haundia Tilosetan, egun osoan zehar, topaketarekin, bazkari herrikoiarekin, jaialdi nagusiarekin eta txalaparta partyarekin amaituta, Gaztetxean.

35garren edizioa atzo hasi zen eta gaur jarraituko du. Hala ere, egun haundia biharkoa izango da. 11:00etan hasiko da Tilosetan, Ttakun programa informatikoaren aurkezpenarekin (Masterclass). 

12:00etan, Txalagune: Txalaparta Eskolen Topaketa, herriko gune ezberdinetan antolatu da. Arrasateko Ttakun Txalaparta Elkartea, Andoaingo Maizorri taldea, Oiartzungo txalaparta eskola eta Tarragonako Txek txalaparte eskola izango dira.

14:30etan indarrak hartuko dituzte bazkari herrikoiarekin. Txartelak aurrez erreserbatzea komeni da, 16 eurotan, txalapartafesta@gmail.com-en. 

Jaialdi nagusia, arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Bertan, Eli Pagola bertsolariak hartuko du parte eta ondorengo taldeek eskainiko dituzte emanaldiak: Saustako Zuaznabartarrak, Erbetegi-Etxeberriko Goikoetxeatarrak, Gipuzkoatik Ttakun Arrasateko Txalaparta Elkartea, Bizkaitik Ekai-Txa taldea, Arabatik Zigoitiko txalapartariak, Nafarroatik Hutsun taldea eta Hernanitik Ttakun Ttan Ttakun eskolako txalaparta taldea. 

Txalaparta Festarekin amaitzeko, Gaztetxean 23:00etatik aurrera, Txalaparta Party aparta antolatu da DJ Barru eta Dantzalsoundekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!