«Gazte Eguneko festan ez zen erasorik gertatu, ez inor kanporatu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 19a, 00:00

Gazte Asanbladak erantzuna eman nahi izan dio «Ernaik gazte mugimenduaren izenean argitaratutako idatziari».

Erantzuna eman nahi izan dio Hernaniko Gazte Asanbladak, atzoko Kronikan «Ernaik gazte mugimenduaren izenean argitaratutako idatziari», gertatutakoak argitzeko. «Gazte Eguneko azken festan, ez zen inolako erasorik gertatu. Izan ere, ez da eraso bat gaztetxearen eta Gazte Asanbladaren kontrako jarduna garatzen duen norbait, gaztetxetik eta Gazte Asanbladak antolatutako festa batetik kanporatzea. Gainera, gaztetxetik ez zen inor kanporatu. Gazte Egunaren helburuak izan ziren, Hernaniko gaztetxeak eta Gazte Asanbladak azkenaldian jasan izan dituzten erasoak salatu eta horien aldeko elkartasuna antolatzea», azaldu dute.

Gazte Asanbladak adierazi du, «edonork» izan zuela aukera, «eguneko zein gaueko festan parte hartzeko», eta edonork izan duela eta daukala aukera gaztetxean sartzeko: «betiere, gaztetxea bera eta bertan lan egiten duten eragileak errespetatzen badira. Ez da izan kasua Ernairen eta bere inguruko eragileen aldetik, eta argi ikusten da hori, gaztetxearen eta Gazte Asanbladaren kontra gauzatu dituzten difamazio nahiz gezur kanpainetan. Eta tentsioa areagotu duena izan da, pasa den astean Ernaik Txosna Batzordean babestu izana, Mugimendu Sozialista inolako justifikaziorik gabe kanporatzea».

Gazte Asanbladak adierazi du «lotsagarria» dela gaztetxea denona dela esatea, «baina gaztetxea bizirik mantentzeko ahaleginik ez egitea inoiz. Eta baita ere, gaztetxeak azken boladan jaso dituen lapurreta zein erasoen aurrean ezer ez esatea. Elkartasun hitz bat bera ere ez da izan Ernairen aldetik, gaztetxea zazpi aldiz erasotua izan denean, aste gutxi batzuetan». Eta gaineratu du, espazio publikoetan elkarbizitzaren alde egiteak inplikatzen duela, besteak beste, «San Joanetan Gazte Asanbladak antolatzen duen herri bazkaria ez boikoteatzea, beste bazkari bat aldebakarrez antolatuz, Gazte Asanbladari aurretiaz ezer abixatu gabe. Are gehiago, Gazte Asanblada izan da informazio hori jaso duenean haiekin harremanetan jarri dena. Lezioak eman aurretik, irakaskizunak bete behar dira». Eta uste dute, «probokaziotzat» hartu daitekeela, gertaera horren ondoren Ernaiko kideak gaztetxeko festara azaldu izana. «Hala ere, ez zen inor kanporatzeko erabakirik hartu, eta horren erakusle da, aipatutako gertaeraren ostean Ernaiko eta oro har Ezker Abertzaleko hainbat kide gaztetxean festan egon izana».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!