«Kontrakantxa gaztetxean ez da bermatzen seguru sentitzeko eskubidea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 18a, 00:00

Hernaniko Gazte Mugimenduak salatu du, bi kide gaztetxetik kanporatu zituztela larunbateko kontzertuan. Prentsaurrekoa deitu du etzirako.

Hernaniko Gazte Mugimenduaren izenean, prentsa oharra zabaldu dute egunotan, joan den larunbat gauean Kontrakantxa gaztetxean gertatu zena salatzeko. Azaldu dutenez, «gazte mugimenduko bi kide gaztetxetik kanporatu zituzten, kontzertu bat ikusten ari ziren bitartean. Egungo Hernaniko Gazte Asanbladan parte hartzen ez dugun gazteok, herriko eremu publiko guztietan seguru sentitzeko eskubidea dugu, eta gaur egun, gaztetxean ez da hori bermatzen».

Diote, badakitela «Hernanin gazteen zenbait talde eragileren artean gatazkak daudela», eta horrek «zuzenean» eragiten diela «herrian gauden gazte guztioi. Gaztetxea bezalako espazioak, elkarbizitzarako leku publiko seguru gisa ulertzen ditugu, eta horrela erabiltzeko aukera izan nahiko genuke». Gainera, azaldu dute larunbateko «erasoek» areagotu egiten dutela «herriko gazteon problematika haundi eta konplexua. Bi urte inguru daramazkigu horrela, eta ez da lehenengo aldia, norbait kanporatu dutena».

Gainera, nabarmendu dute Gazte Asanbladak ez zuela erantzunik eman gertatutakoaren aurrean: «are gehiago, erasoa arrazoitu zuten behin eta berriz». Garbi utzi nahi izan dute, «guk ez diogula inoiz ezetz esan gazteon espazio publikorako elkarbizitzari; ez dugu aukera izan horretarako, gainera. Espazioen antolaketa justu eta baketsu baten alde egiten dugu». Eta diote, egoera horretan «nahikoa jasan» dutela: «gaztetxea denona da, eta ez mugimendu politiko bakar batena. Horregatik jakinarazi nahi dugu, zein den egungo errealitatea gaztetxean». Eta hori salatzeko, prentsaurrekoa deitu dute ostiralerako, 19:30etan Tilosetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!