Lore eta Landare Azoka larunbatean, ekoizle-erosle «harremanak sendotzeko»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 18a, 00:00
Azokaren antolatu duten erakundeetako ordezkariak, atzoko aurkezpenean.

Zortzigarrenez jarriko dute azoka, Plaza Berrin, goizeko 10:00etatik 14:30etara. 11 postu izango dira, eta haurrentzako jolas eta tailerrak.

Larunbat honetan jarriko dute Lore eta Landare Azoka, Plaza Berrin. Zortzigarren edizioa izango du, eta 11 postu egongo dira bertan, goizeko 10:00etatik 14:30etara. Helburua, honakoa: «topagune bat sortzea, ekoizleek eta artisauek bere eskaintza ezagutarazteko, eta herritarrekin zuzeneko harremana bermatzeko eta sendotzeko».

Hala azaldu zuten atzo, Nere Borda parke botanikoan, azokaren aurkezpenean. Bertan izan ziren Patxi Ibarguren Hernaniko Udaleko merkataritza eta turismo saileko zinegotzia, Jaione Irazu sail bereko teknikaria, Behemendiko Ainhoa Amundarain, Dekolore elkarteko Juantxo Pollacino, eta Hernaniko Mendilore loredendako Oihane Fernandez.

Azokan postua jarriko du Mendilorek, Dekoloreko 10 ekoizlerekin batera: Zunoyar Lorategia (Oiartzun), Viveros Ortuberri (Iurreta), Urtinea (Usurbil), Aritzkurengo Tienduka (Aritzkuren), Lore Prentsatua (Donostia), Semillas Ecológicas (Lasarte-Oria), Sojo Natura (Lekunberri), Sara Letamendia (Aizarna), Flores Ganchillo (Villaveta) eta Tissu Artisautza (Atxondo).

Aukeran izango dira lore eta landare naturalak, kosmetika eta medikuntza naturaleko produktu artisauak, prentsatutako loreak eta lore lehorrekin egindako koadroak, artisau-bitxigintza, erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzarako haziak eta belarrak...

Nabarmendu zuten, «aukera polita» dela azoka, «plazara ekartzeko normalean tailerretan edo etxaldeetan lan egiten duten ekoizleak». Eta zuzeneko harremanak sortu ez ezik, herrian «giroa» jarriko duela azpimarratu zuten: «herriko merkataritzari ere ekarpena egiten dio horrek». Zentzu horretan, Ainhoa Amundarainek adierazi zuen «asko» aldatu direla erosteko moduak; «eta era honetako azokekin, sustatu nahi dugu ekoizpen txikiak eta familiarrak indartzea, harremanak sendotzea, eta nekazal guneekiko sentsibilizazioa lantzea».

Postuak ez ezik, haurrentzako egurrezko jolasak izango dira bertan, eta baita tailerrak ere: lore prentsatuarena, eta landaketari buruzkoa. Azkeneko horretan, landareekin kontaktuan jarriko dira haurrak, eta landare bana eramango dute etxera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!