174. eguna: Khartoum (Deskantsua)
Gaua hegan pasa ondoren, gaupasaz iritsi gara Khartoum hiriburura. Ez dugu berehalakoan lo egiterik izan ordea, toki bat aurkitu behar genuen lehenik. Horretarako, bizikletak muntatu beharra daude noski.
Aireportuan bertan egin ditugu eskulanak eta Khartumeko kaleetan murgildu gara. Gutxi galdetu behar izan dugu Nilo ondoan luxuzko txoko bat bilatzeko. Ibai-nabigazio klub baten eskutik etorri da eskuzabaltasuna. Etapa berri bat hastera doa eta nabari dugu dagokion zirrara.
Kaleak militarrez beteta ikusi ditugu eta nolabaiteko tentsioa nabari da giroan. Duela hilabete batzuk egondako estatu kolpearen eragina bizirik dirau dirudienez. Ondo informatuta ibiliko gara iskanbila eremuetatik aldenduta mantentzeko.
175. eguna: Khartoum (Deskantsua)
Estatuz aldatzean bi lan egin behar dira berehalakoan: SIM txartela eskuratu eta kartera estatuan erabiltzen den diruz bete. Lehenarekin ez dugu arazorik izan. Estualdia bigarren honek eragin digu.
Visa txartelaren bidez atera izan dugu dirua kutxazainetatik. Sudanen Visa eta MasterCard nazioarteko txartelek dute funtzionatzen ordea.
Eguraldia gorri jarri zaigu bat-batean, diru oso gutxi dugu soinean eta dirua eskuratzeko alternatibarik ez zaigu okurritzen… Ibai-nabigazio klubeko kideek otordu goxo bat eskaini digute gure estresa lasaitu asmoz. Arazoa ez da desagertu, baina zeinen ondo sartu den bazkaria. Gero gerokoak!
176. eguna: Khartoum – Al-Sagai (54km, +100m)
Bati eta besteari galdezka ibili ondoren, ondo kostata baina, irtenbidea topatu dugu. Western Union bidez bidali digute dirua etxetik.
10 egun dira jada bizikleta azkenekoz astindu genuela. Dirua eguardian lortu badugu ere, ezin izan diogu gogoari eutsi eta bizikletari lehen astindua eman diogu.
Sudango herritarrak abegitsuak direla esan izan digute maiz, eta hala da. Familia batek eskuzabalik jaso gaitu beraien etxean birritan pentsatu gabe. Ingeles hitz bakar bat ez dute egiten, imintzio bidez moldatu behar izan dugu komunikatzeko.
177. eguna: Al-Sagai – Al-Basabir (77km, +218m)
Basamortu gordina sentitu dugu lehen aldiz. Idortasunaren mugak gure begietatik at, urrun, nabari dira. Eguzkitik ondo babesteko guztiz tapatu gara. Hemengo erredurak ez gozoak izango! Saihestu egin behar nola edo hala.
Etaparen gogortasuna arindu duen tea hartu dugu errepide bazterreko etxe batean. Beroaren aurka te beroa hartzen dute hauek, hau da marka!
Gaua pasatzeko kafetegi batean utzi diguten hamaka bat besterik ez dugu behar izan. Izarrez jositako sabaiarekin itxi dugu eguna.
178. eguna: Al-Basabir – Shendi (87km, +151m)
Eztarria erabat lehortuta iritsi gara Shendiko merkatura. Sandia urtsu bat beti sartzen da ondo, zer esanik ez basamortuan egindako etapa baten ostean jaten bada.
Sandia osoa erosteko aukera soilik eman digu fruta-saltzaileak. Gehiegi izango delakoan erosi dugu, baina guztia jan dugunean motz geratu dela sentitu dugu. Ez sinistekoa!
179. eguna: Shendi – Ad-Damer (97km, +167m)
Piramide itxurako hilobiak dira Nilo ibaiaren ur-bazterretan aurkitzen diren ondasun historiko famatuenak. Gaurkoan lehen aldiz egin dugu topo hauekin.
Tamainaz ikaragarriak izan ez arren, bihotza uzkurtu zaigu gerturatzean. Arbasoek duela milaka urte egindako lana dela badakigu, baina ez da erreza milaka urte horiek benetan zeinen urrun dauden imajinatzea. Denbora eskala erraldoi honek bertigo moduko bat eragin digu.
180. eguna: Ad-Damer – Atbara (27km, +20m)
Bost etapa jarraian egitea nekagarria da. Hare eta gehiago haizeak kontra gupida gabe astindu digunean eguna joan eta eguna etorri. Psikologikoki, fisikoki bezain erreta iritsi gara Atbarara.
Hiru egunen buruan haizeak norabidea aldatuko du eta alde izango dugula ikusi dugu iragarpenetan. Bitartean Atbara ezagutu eta deskantsatu egingo dugu, badugu beharrik eta.