Bederatzi punturen aldea lortu du Hernanik, mailari eusteko lehian

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 00:00

Hodei Noble, larunbatean, Askatuak taldearen kontrako partiduan.

62-53 irabazi zuen joaneko partidua, Askatuak taldearen kontra. Bueltakoa, datorren larunbatean.

Primeran ekin dio Hernanik, Gipuzkoako lehenengo mailari eusteko kanporaketari. Hernaniarrek joaneko partidua jokatu zuten larunbatean, etxean; eta 62-53 nagusitu zitzaizkion Askatuak taldeari. Hori horrela, bederatzi punturen abantaila lortu dute, bueltako partiduari aurre egiteko, datorren larunbatean: arratsaldeko 20:00etan, Donostiako Paco Yoldi kiroldegian.

Ez zioten nahi bezain ondo ekin partiduari hernaniarrek, eta bost punturen aldea lortu zuen Askatuakek, aurreneko laurdenean (15-20). Atsedenaldiaren aurretik, ordea, markagailua irauli zuten, eta etxekoak izan ziren tarte horixe bera lortu zutenak, bost puntukoa: 34-29.

Hortik aurrera, berdindu egin zen jokoa, baina tartetxoa mantendu eta pixka bat haunditu zuten hernaniarrek, partiduaren bukaerara bitarte. Puntu bakoitza izango da erabakigarria, eta lehia bizia izan zen, epaileak bukaera adierazi zuen arte.

Jokalari gutxirekin egin zion aurre Hernanik, partidu garrantzitsuari: bederatzi bakarrik aritu ziren, Askatuak taldeko 12 jokalarien aldean. Baina nekeak neke, bere maila onena eman zuten hernaniarrek. Ander Berrondok, esaterako, 18 puntu lortu zituen partiduan, eta Hodei Noblek 17 puntu gehitu zituen.

Datorren larunbateko partidua izango da erabakigarria, eta maila horretan aritu beharko dute hernaniarrek, berriro. Asko dago jokoan, 40 minututan: Gipuzkoako lehenengo mailan jarraitzea. Taldeak ez ezik, zaleek ere Donostian daukate hitzordu garrantzitsua, jokalariek animo faltarik izan ez dezaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!