Andoni Mutiloaren 'Sex Sua', Poltsiko Antzerkiaren 31. Jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 00:00
Andoni Mutiloa 'Sex Sua' antzezlanaren aurkezpenean.

Hernaniarrak ostegunean eta ostiralean ditu hurrengo saioak, Loiolan eta Herreran.

Maiatzaren 5ean eman zioten hasiera Poltsiko Antzerkiaren 31. jaialdiari, eta igande honetan amaituko da, hilaren 22an. Donostia Kulturak antolatuta, kultur etxe sarearen bitartez, emanaldiak antolatu dituzte ostegunetik igandera bitartean. Bide horretan, Andoni Mutiloa hernaniarrak Sex Sua antzezlana aurkeztuko du. Joan den larunbatean izan zuen estreinaldia, eta ostegunean eta ostiralean, hilaren 19an eta 20an, izango ditu aste honetako paseak. Ostegunean, Loiolan du hitzordua, Ardube tabernan, arratsaldeko 19:00etan; ostiralean, berriz, El Nidon aurkeztuko du bere lana, Herreran, 20:00etan.

 

Programazio zabala

Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak programazio zabala eskaini du aurtengo ediziorako, eta, tartean, bi estreinaldi izango dira: bata Andoni Mutiloaren Sex Sua eta, bestea, Antzerki Sorkuntzaren deialdiko Ivanka lan irabazlea. 

Formatu txikiko antzerki ikuskizunen askotariko proposamenek osatzen dute programa, eta helburu du «hiriko antzerki programazioa herritarrei eta, batez ere publiko gazteenari, hurbiltzea». Horrez gain, denetarik izango da: antzerkia, umorea, magia, zirkoa, bakarrizketak, musika eta beste asko. Gaurkotasuneko gaiak jarriko dira oholtza gainean, «kritika eta urratzea nahasita, bizi dugun munduari beste ikuspegi bat eskaintzeko». Gainera, berrikuntza nagusia da aurten jaialdia tabernara itzuliko dela. Hainbat gune zehaztu dituzte horretarako, guztiak Donostiako auzoetan. Modu horretan, jaialdiak bere xarma berreskuratu du berriro ere; hain zuzen, bereizgarria da «antzezpenetarako oso ohikoak ez diren agertokietan saioak programatzea».  Informazio guztia eta programazio osoa eskuragai dago www.donostiakultura.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!