LGTB+fobiaren aurkako nazioarteko eguna, gaurkoa

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 00:00
Larunbatean, «Moio» kalearen inauguraziora jende «mordoa» joan zen

Arratsaldeko 20:00rako, Plaza Berrin kontzentrazioa antolatu da. Hernaniko Udalak, herriari parte hartzeko gonbidapena luzatu dio.

1990eko maiatzaren 17an, OME-k homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zela ospatzen da, LGTB+fobiaren eguna. Horren harira, Udalak adierazpena plazaratu nahi izan die, herritarrei: «Aurten ere, Hernaniko Udalak ahotsa altxako du sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko: bereziki, azken aldian Euskal Herrian eman diren eraso eta erailketa homofoboak irmo salatu nahi ditugu». 

Pandemia dela eta, azken bi urteak benetan «latzak» izan dira herritar guztientzat, eta are gehiago, LGTB+ kolektiboarentzat. Udalak adierazi duenez, «desberdintasunaren arrakala areagotu egin da, eta kalteberatasun egoerak eremu askotan indartu dira, sare sozialetan, bereziki». 

Udalak beharrezkotzat jotzen du, «gizartean oraindik indarrean dagoen heteronorma zalantzan jarri eta eraldatzea: genero-identitate, sexu-orientazio eta adierazpen guztientzat herri bizigarria sortu behar dugu. Gizarte osoaren erantzukizuna da, diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea». 

Eta gaineratzen du, herritar guztien zeregina dela,  gizarte inklusibo, berdintzaile eta anitza lortzea: «berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-identitateagatiko zein sexu-orientazioagatiko diskriminazio ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin». Gainera, Udalak gogorarazi nahi du, ildo horretan, kale izendegian aldaketak egiten ari direla, Aimar Elosegi Ansa 'Moio'ri eskainitako kalea adibide moduan jarriz. 

 

LGTB+ pertsonen eskubideen alde, ekimenak

Herritar guztiak, LGTB+ pertsonen eskubideen alde antolatutako jarduera zikloan parte hartzera gonbidatzen ditu Udalak: «Gorputz desbideratuen errebolta. Atzo, gaur eta bihar». 

Zikloaren egitarauari jarraiki eutsiz, kontzentrazioa antolatu dute, gaur arratsalderako, eta hilaren 25ean, mahai inguruaren txanda helduko da: «Unibertsoetatik multibertsoetara: sigletatik komunitatera». Mahai-ingurua, 18:30etan izango da, eta Kulturarteko Plaza Feministan egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!