Hernani 3 taldea Gipuzkoako txapeldun izan da, kadete nesketan, finalean Aldapeta C garaitu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 00:00
Errematean tanto egin zuen jokalari hernaniarrak.

Finala kiroldegian jokatu da, giro ezin hobean, eta harmailetan jende askorekin. Hernani 1 taldeak hirugarren postua eskuratu du eta infantil nesketan, Hernani 2, Gipuzkoako txapeldunorde sailkatu da.

Boleibolak amaitu du kantxako denboraldia eta Hernanik Gipuzkoako txapel bat eskuratu du. Neska kadeteek igandean zuten egun seinalatua kiroldegian eta Hernani 3k txapeldun izan ziren Aldapeta Maria C taldeari 3-0 irabazi eta gero. Finalean giro ezin hobea izan zen harmailetan eta jende asko bildu zen. Denboraldian zehar partidu guztiak irabazi eta soilik joko bat galdu dute hernaniarrek.

Hernani 1 taldeak ere denboraldi ona osatu du. Azken partiduan amore eman zuen Aldapeta Maria A taldearen aurka eta 1-3 galdu ondoren ligako laugarren postuan geratu dira hernaniarrak.

Hernani 2 taldeak 3-2 irabazi zion Ostadar taldeari, beraz ondo amaitu du liga talde honek ere. Hernani 4 taldeak Aretxabaletan jokatu zuen eta 3-0 galdu zuen. Etxekoek ondo irabazi zuten partidua. Hauek, azken partidu bat dute jokatzeko Goierri taldearen aurka atzeratutako partidua, datorren larunbatean jokatuko dena.

Infantil nesken mailan, bi taldeek irabazi zuten 3-2. Hernani 1ek Arizmendi Aretxabaleta taldearen aurka lortu zuen garaipena eta Hernani 2k Tolosako Herrikide B gainditu zuen. Azken hau erabakiorra izan zen. Garaipenak Hernani 2 taldeari Gipuzkoako txapeldunorde geratzea suposatu zion. Beraz amaiera bikaina izan du taldeak.

Jubenil neskek huts egin zuten hirugarren postua jokoan zegoen partiduan. Donostiako Pio Baroja kiroldegian 3-1 galdu zuten C.D. Fortuna taldearen aurka. Beraz laugarren postuan geratu dira jubenil neskak.

 

Hondartzan hasi dira

Kantxan amaitu eta hondartzako boleia martxan da, eta lehen jardunaldia igandean jokatu zen Zurriolako hondartzan.

Bertan, infantil mailako taldeek parte hartu dute eta Hernanitik nesken zazpi talde izan ziren jokatzen eta mutilen bat.  Hondarribiko eta Tolosako taldeak izan ziren nagusi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!