Italiako Giroa 2022

Alpeetan elkar ikusiko dugu

Andoni Urbistondo 2022ko mai. 16a, 08:03

Jai Hindleyk irabazi du Blockhaus-en, Landak, Bardetek eta Carapazek ez baitute Almeida, Hindley bera eta Pozzovivo atzean mantentzen asmatu.

Mus partidako joko bat jokatu da, eta Giroa ez da sobera argitu. Espero zirenak, eta ez ziren batzuk sartu dira buruan, baina ez da diferentziarik egon onenen artean. Indarrak, momentuz, oso parekatuta dauden seinale. Simon Yates-ek agur esan dio Giroari, Pello Bilbaok minutua eman du, etapa hasieran jausi ostean, eta Juanpe Lopezek lidergoari eutsi dio.

Ihesaldi handia osatu da, baina ez dute batere aukerarik izan, gehienez ñau minutuko errenta lortu baitute. Lanciano gainean bi minutu pasatxora zuten tropela eta Blochaus hasterako harrapatu dituzte. INEOS jarri da egurrean, eta Portek lan bikaina egin. Carapaz-en erasoaren zain, eta etorri da bost kilometrora. Ez du hautsi, eta Landak eta Bardetek ondo eutsi diote.

Hirurek egin dute bidea, 15-20 segundoko errentarekin, baina atzetik Almeida portugaldarrak igoera aparta egin du, aurrekoak begi bistan beti, eta bere ahaleginean aurrera eraman ditu Pozzovivo eta Hindley. Seiak elkartu dira, Bardet, Landa eta Carapaz indartsuago egonda ere, eta hor segundo batzuk oparitu dituztela esan daiteke. Esprintean Hindley izan da azkarrena, Bardet eta Carapaz-en aurretik.

Hurrengo asteburuan iritsiko dira etapa gaiztoak beriro. Torinokoa, eta Alpeetako lehena. Blochausek gauzak erakutsi ditu, baina dena dago argitzeko. Bihar bigarren atseden eguna izango du Giroak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!