Langile ikastolako ikasle ohien festa jendetsua antolatuko dute, herrian zehar, maiatzaren 28an

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 16a, 00:00

Hasiera ekitaldia 12:00etan izango da Tilosetan, ondoren 800 ikaslek argazki erraldoia aterako dute Plazan eta sagardotegietan bazkalduko da.

Langile ikastolako ikasle ohien batzordeak bultzatuta, datorren maiatzaren 28an igandean, ospatuko dute Langile Ikastolako ikasle ohien jaia edo eguna, ikastolaren  50. Urteurrenaren harira. 50+2 eta aurrera!

Langile ikastolako 800 ikasle ohi bilduko dira hilaren 28an eta egun osoko egitaraua antolatu dute: Eguerdiko 12:00etan izango da hasiera ekitaldia Tilosetako kioskoan, jarraian argazki erraldoia aterako da Gudarien Plazan eta bertatik, Hernaniko Sagardotegi ezberdinetara abiatuko dira bapo bazkaldu eta kintaka txotx eta topa egiteko. 1968-1973 bitartean jaiotakoak, Itxas-Burun; 1974-1976 bitarte, Olaizolan; 1980-1988 bitarte, Elorrabin; 1989-1996 bitarte, Iparragirren; 1997 eta 1998 urtekoak, Akarregin; eta 1999-2001 artekoak, Otsua-Enean. 

 

Bazkari ostean, musika

Bazkariaren ostean berriz, musikaz betetako arratsaldea antolatu dute. 19:00etan Karabeleko Zubialde tabernatik abiatuta Zuttik Elektrotxarangak alaituko ditu kaleak eta ospakizun egunarekin amaitzeko asmoz, 21:00etatik aurrera, Kuzerni MJ-DJen eskutik  euskal hit eta bailableak entzungai izango dira Tilosetan.

Pandemiaren eraginez, 50. urteurrenean, ezin izan zen honelako jairik antolatu, baina orain posible da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!