Auzo Plaza inauguratuko da, larunbatean Lizeagan, poteo, kontzertu eta luntxarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 16a, 00:00

Auzo Plaza datorren larunbatean inauguratuko da Lizeagan.

Gibelaldek antolatuko du maiatzaren 21ean, 12:00etan eta baliatuko dute bazkidetza berritzeko edo egiteko.

Lizeaga auzoan, Auzo Plaza inauguratuko dute datorren larunbatean, maiatzaren 21ean, eguerdiko 12:00etan. Gibelalde auzo-elkarteak antolatu du ekitaldia eta eguerdiko 12:00etan hasiko da. Bertan, plazaren inaguruazioa, kantu poteoa, kontzertua eta luntxa izango dira.

Gainera, ez da nolanahikoa izango. Morau musikari auzotarrak eskainiko du kontzertua eta auzoko kaleetan barrena ibiliko dira, Morauren kantak lagun. Auzo Plazaren inaugurazioan ere Morau izango da kantuan eta ondoren luntxa prestatuko da. Gibelalde auzo-elkarteak ekitaldia baliatuko du, hala egin nahi duenak, bazkidetza berritzeko edo egiteko.

Eguraldi txarra egiten badu, ekitaldi guztiak Urumea ikastolako patioan egingo dira. Auzotar guztiak daude gonbidatuta inaugurazioan parte-hartzera eta auzotarrentzat elkargune izango den eremura hurbiltzera, baita hernaniar guztiak ere.

 

Auzoaren eraberritze planen barruan

2021eko urriaren hasiera aldera ekin zitzaien Madalena kalea birgaitzeko lanei, 1 eta 7 zenbakien artean. Aipatutako kale zatia erabat berrurbanizatu da: hoditeria osoa berritu da, oinezkoen pasabidea zabaldu eta argiak zein lorategietako landaredia aldatu dira. Bi hilabete inguru iraun zuten lanek. Lan horiek auzoa eraberritzeko planen barruan kokatu ziren eta orain Auzo Plaza inauguratuta beste pausoa emango da. 

2019an, Euskal Herriko eta Nafarroako Arkitektoen Elkarteak (AVNAU) XIV. Hiri, Hirigintza eta Ekologia Saria eman zion Lizeaga auzoa berroneratzeko garatutako proiektuari, auzotarren partaidetzarekin egindako prozesu baten bidez. Aplikatutako metodologia eta inplikatutako eragileen arteko elkarrizketa izan zen sari hau ematean bereziki baloratu zen alderdietako bat. Gibelalde auzo-elkarteak bultzatu zuen prozesua 2016an, eta Udalaren babesa izan du. Pausoz pauso eta nahi baino mantsoago ari dira lortzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!