Xirijaia izango da, Miramonen, gaur zortzi

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 15a, 00:00

Xirimiri Hezkuntza Plataformak antolatuko du familientzako festa musika, bertsolariak eta kontakizunekin.

Xirimiri Hezkuntza Proiektuak herritarrak gonbidatu nahi ditu, Miramonen, maiatzaren 22an antolatutako festara, lagunartean edo familian arratsalde ederra pasatzeko egitarau zabala eskainiz.


Arratsaldeko 15:00etan ekingo dio festak, familientzako ipuin kontalariarekin. Jarraian
M ama* eme* ume* liburuaren aurkezpena izango da Estitxu Fernandez eta Erika Lagoma egileekin. Bertsoak izango dira 16:30etatik aurrerako protagonistak; Unai Elizasuk jarritako gaiei erantzuten arituko dira Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Eneko Fernandez eta Eli Pagola bertsolariak. 

Ondoren, musikak hartuko du eszenatokia: Irene Lopez eta Ainara Ortega eta konpainiaren kontzertuak izango dira, Ander Manjon DJak festari amaiera eman aurretik. Gainera, Garraxi Jatetxearen eskutik pintxo-pote begetarianoa egongo da.
Xirimiri Hernani eta Donostia artean kokatutako Hezkuntza proiektua da, 3 urtetik aurrerako haurren garapen prozesuak errespetuz eta askatasunez akonpainatzen dituena. Espazioa ezagutu eta proiektuari bultzada emateko antolatu du aurtengo Xirijaia.

Sarrera 8 euro da aurrez izena emanda eta egunean bertan 10 euro. 12 urtetik beherako haurrentzat sarrera doakoa izango da. Izen emateak 688 608 181 telefonoan egin behar dira Whatsapp edo Telegram bidez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!