Zazpiko errugbiko txapelketa bikoitza jokatuko da gaur Landaren

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00

Gazteen taldeak izango dira protagonista gaur, Landaren. Argazkia: HCRE

Gipuzkoako taldeak ariko dira lehian: 16 eta 18 urtez azpikoak. Arratsalde osoan zehar izango dira partiduak.

Hitzordu polita izango du errugbiak gaur, eguerdian hasi eta arratsalde osoan zehar, Landaren. Zazpiko errugbiko txapelketa jokatuko da Landaren, bi kategoriatan, Hernani Club Rugby Elkarteak antolatuta: 16 urtez azpikoena batetik, eta 18 urtez azpikoena bestetik.

Eguerdiko 13:00etan hasiko dira bi txapelketak, ligaxkarekin; eta makina bat partidu jokatuko dituzte, arratsaldeko 19:30ak arte. 

Bost talde ariko dira lehian, 16 urtez azpikoetan: Hernani, Zarautz, Eibar, Bera Bera eta Irun. Denek denen kontra jokatuko dute, eta zazpi minutuko bi zati izango ditu partidu bakoitzak. Ondoren, 16:20etan hasita, kanporaketak eta finala jokatuko dituzte.

18 urtez azpikoetan, berriz, lau talde izango dira: Hernaniko bi talde, Eibar eta Irun. Elkarren kontra bi bider jokatuko dute hiru taldeek, zazpi minutuko bi zatitan. Eta 16:00etatik aurrera, semifinalak eta finalak izango dira jokoan.

 

Hernaniko 14 urtez azpikoen taldea, Valladoliden

Landaren ez, Valladoliden ariko da asteburu honetan, 14 urtez azpiko trikoloreen taldea. VRAC taldeak antolatutako txapelketa jokatuko du Pepe Rojo zelaian, gaur goizeko 10:00etan hasita. Beste lau talde ariko dira, Hernanirekin batera: Liceo Francés, Alcobendas, Hortaleza eta VRAC. Lau taldeen kontra jokatuko dute hernaniarrek, eta arratsaldeko 15:00ak aldera bukatuko da txapelketa.

Gipuzkoako Ligan txapeldun izan ondoren, Hazparneko txapelketan aritu ziren Hernaniko 14 urtez azpikoak, eta maila ederra erakutsi zuten torneo horretan ere. Hilabete gogorra bezain ederra borobiltzeko asmoz ariko dira gaur Valladoliden, estatuko talde indartsuenetako batzuen harrobiko jokalariekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!