Liga bukaera gogorra ahaztu eta bere maila onena berreskuratu behar du Hernanik, jaitsiera saihesteko

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00
Hernaniko Lujambio eta Berrondo, aurreko partidu batean, Hernaniko kiroldegian.

Askatuak taldearen kontra jokatuko du gaur, 16:00etan Hernaniko kiroldegian, Gipuzkoako 1go mailari eusteko kanporaketaren joaneko partidua. Bolada txarrean iritsiko da Hernani, baina parekatuta dago kanporaketa.

Ez da denboraldi xamurra izan Hernanirentzat, mutilen Gipuzkoako 1go mailan. Ondo hasi zuten liga, aurreneko 10 partiduetatik bost irabazita. Baina ordutik, 16 partidu jokatu, eta lautan bakarrik lortu dute garaipena. Bost partidu galdu dituzte lau puntu edo gutxiagoko aldearekin; eta horietako bi, puntu bakarragatik.

Kontuak kontu, 12garren postuan bukatu du liga, jaitsiera zuzeneko bi postuak saihestuz, baina mailari eusteko kanporaketa jokatzera behartuta. Askatuak izango du aurrean, 11garren sailkatua; eta bi partidutan ariko dira elkarren kontra: gaur izango dute joanekoa, 16:00etan Hernaniko kiroldegian; eta datorren astean bueltakoa, Donostian. Mailari eutsiko dio irabazleak, eta bigarren mailara jaitsiko da galtzailea.

Bolada txarrean iritsi da Hernani, azkeneko hiru partiduak galduta; eta aldiz, azkeneko biak irabazi ditu Askatuakek. Baina kontuak hutsetik abiatuko dira gaur, eta kanporaketa parekatua espero da, aurten elkarren kontra jokatu dituzten bi partiduek erakusten duten bezala. Aurrenekoan, azaroan, Hernani nagusitu zen etxean, bi punturen aldearekin (52-50). Eta bigarrenean, martxoan, Askatuak izan zen garaile Donostian, lau punturen aldea lortuta (72-68). Horretan, azkeneko laurdenean egin zion ihes garaipenak Hernaniri, 54-59 aurretik iritsi baitzen bukaerako 10 minutuetara.

Gaurkoan emaitza ona lortzea ezinbestekoa izango da Hernanirentzat, eta zaleen berotasuna ere beharko du horretarako. Kiroldegian daukate hitzordua herritarrek, taldeari bultzada emateko.

 

Ate irekien saioak datozen hiru igandeetan, kiroldegian

Bestalde, ate irekien saioak antolatu ditu Hernaniko saskibaloi taldeak, datozen hiru igandeetarako: bihar izango da aurrenekoa, eta maiatzaren 22an eta 29an beste biak. Goizeko 10:00etatik 11:30etara egingo dituzte, Hernaniko kiroldegian.

11-14 urte bitarteko neska eta mutilei zuzendutakoak izango dira saioak. Saskibaloia probatu eta taldea gertutik ezagutzeko aukera izango dute hiru igandetan segidan, datorren denboraldira begira. Izan ere, asmoa da neska-mutil horiek animatzea, klubarekin bat egin dezaten hurrengo denboraldirako, talde gehiago osatu ahal izateko.

Horregatik, adin horietako gaztetxo guztiei luzatu diete gonbitea, kiroldegira gerturatu, beraiekin aritu, eta saskibaloiaren bitartez ondo pasatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!