Berrikuntza ugari, Hernaniko Lanbide Heziketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 13a, 00:00

Hernaniko Gizarte Berrikuntzako LHIIn hainbat ekintza berri jarri dituzte martxan. Alde batetik,  Dual sistema berria ezarri duen ikastetxeetako bat izan da. Orain arte, 2. mailako ikasleek bakarrik hautatu zezaketen Duala (ikaskuntza prozesua enpresa eta ikastetxeetan konbinatuz egitea). 

Aurten, sistema berriari esker, 1.mailako ikasleak parte hartu ahal izan dute: Mekanizazioa, Mantenu Elektromekanikoa, eta Diseinu Mekanikoko guztiak. Bi hilabetetan zehar, ikasleek 2 egun lantokian eta 3 egun ikastetxean ematen dituzte, eta  «gogo handiz» hartu dute, lehen kurtsotik lan mundura murgiltzeko eman zaien aukera. Datorren urtean, beste zikloetako ikasleak ere parte hartzea da helburua: ikasleen %100a.

Bestalde, DBHko ikasleek Lanbide Heziketa industrialean egiten dena ezagutu dezaten, ekintza bereziak antolatu dituzte; lehengo astean bertan, Aratz ikastolako 2.DBHko neska-mutilentzat eskuzko erreminten tailerra egin zuten; tailer horren bidez, modu ludikoan, ikastetxeko zikloak ezagutaraztera eraman eta erremintak erabiltzen ikasi dute. 

Datorren ikasturtean ere, aukera izango dute DBHko neska mutilek  elektrizitate eta mekanizazioa tailerretan erabiltzen diren erreminta, 3D inprimagailu eta hainbat tresnarekin aritzeko.

Berrikuntza horiek guztiak, herritarrek ezagutu ditzaten Azoka antolatu dute bihar, maiatzak 14, Hernaniko Txantxangorri elkartearen parean. Azokan bertan, ikasleek egindako lan interesgarriak ikusgai egoteaz gain, bertara hurbiltzen direnek, tresna batzuk erabiltzeko aukera ere izango dute. Gainera, ikastetxeko irakasleak egongo dira bertan, hurbiltzen diren guztien galderak erantzun eta argibideak emateko prest. I. Azoka goizeko 09:00etatik 14:00etara egongo da zabalik.  «Aukera paregabea» izango da, ikastetxea eta bertan egiten den lan guztiaren berri izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!