Langile boteretze eskolaren saioa gaur arratsaldean, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 13a, 00:00

Buruntzaldeako Langile Autodefentsa Sareak deituta, 18:30etan hasiko da, «baliabideak partekatzeko espazioa irekia» sortzeko asmoz.

Iazko ekainean jarri zuten martxan Langile Boteretze Eskola Buruntzaldean, eta, oraingo honetan, soldatapeko lanean hastearen kontua izan beharreko «gomendio praktiko batzuk» eskainiko dituzte. Langile boteretze eskolaren beste saio bat antolatu du Buruntzaldeako Langile Autodefentsa Sareak. 18:30etan izango da, Biterin.

Saioa zuzenduta dago aurreneko lan esperientzia izango dutenentzat eta lanean ari direnentzat: «pairatutako zapalkuntzei» aurre egiteko baliabide praktikoak eskainiko dira. «Guretzat ezinbestekoa da, oro har, gure lan-indarra saltzera goazen eta saltzen ari garen momentuan gerta daitezkeen egoera ezberdinak aurreikustea eta horiei aurre egiteko prest egotea; gure burua defendatzeko bitartekoak izatea», adierazi dute antolatzaileek. «Langile Boteretze Eskolak helburu horixe du, hain zuzen: lanean egunero jasaten ditugun zapalkuntzei aurre egiteko baliabide praktikoak eskaintzea». 

 

Beste erronka bat

Aurreko ikasturtean, lan eremuko biolentzian jarri zuen fokua, eta auzi hori landu zuten aurrenekoz. Orain, berriz, ikasturte honetan jarri berri duten aholkularitza juridikoarekin batera, gaurko saioan,  soldatapeko lanean hasteak ekar ditzakeen egoerak aurreikusiko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!