Lanean inklusioa nola sustatu aztertuko da gaur, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 11a, 00:00

Esperientzia Trukeen hirugarren saioa egingo dute, 11:00etatik 13:00etara, Ibaiondon, Orbegozo eraikinean.

Laneko inklusioaren inguruan hainbat esperientzia ezagutu eta enpresetan izan ohi diren galderak eta zalantzak partekatzeko saioa egingo dute gaur Hernanin, Ibaiondo industrialdean (Orbegozo eraikina), 11:00etatik 13:00etara. Saioa Bogan kooperatiben taldeak Hernanin duen egoitzan egingo da.

Beterri Saretuz Beterri-Buruntzako ekonomia eraldatzailearen ekimenak antolatutako Esperientzia Trukeen barruan izango da. «Gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonen inklusioa nola landu genezake gure enpresetan?» hori da erantzuten saiatuko diren galderetako bat. Hainbat gonbidatu ere izango dituzte, inklusioa nola lantzen duten azaltzeko.

Lasarte-Orian egoitza duen Sutargi irabazi asmorik gabeko lan-sozietateko Jennifer Alonso ariko da alde batetik. Sutargi 1992tik ari da bazterketa arriskuan dauden edo desgaitasuna duten pertsonekin lanean. ARGIAk elkarrizketa egin dio Alonsori horren inguruan eta Kronikako webgunean ere argitaratuko da: «Enpresa edo proiektuen ikuspegi eta balioen inguruan hausnartzen hasten garen unetik, gauza asko egin daitezke inklusioari dagokionez», azaldu du.

Bestetik, Zabalduz kooperatibako Andoni Zulaikak ere hitz egingo du saioan. Zabalduzek, besteak beste, babesgabetasun eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin egiten du lan, eta inklusio soziolaborala du bere ildoetako bat. Gipuzkoako Foru Aldundiko Babes eta Inklusio sarean dauden gazteak enpleguratzeko Batzen programa kudeatzen du, esaterako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!