Langileren ibilbidearen zertzeladak antzerki bidez

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 11a, 00:00

Juanjo Uriak Langile Ikastolaren 50. urteurrenaren bueltan antolatutako antzerkiak sortu dion zirrara du aipagai bere azken idatzian.

Ez nuen uste nire adinean, izan berri dudan esperientzia eder hau bizitzeko aukera izan behar nuenik: Langile Ikastolaren 50. urteurrenaren bueltan eman dugun antzerkiari buruz ari naiz. Antzerkiaren ideia onartu zenetik, egina neukan eskema laburra garatzen eta lantzen aritu nintzen eta ondoren, Mireni eskatu nion testu hura (ordurako gorpuztua), antzerki bihurtzeko ahalegina egingo ote zuen. Banekien proposatu niona ez zela hiruzpalau ordutan burutzeko gauza, baina onartu zuen erronka, eta luze baino lehen, lortu zuen Mirenek orri haietako mamia antzerki izateko bidean jartzea.

Hori gauzatzeko ordea, antzezle talde bat behar zen (beti ere, ikastolako ikasle ohiak izan zitezela nahi genuen, edo gurasoak edo irakasleak…). Eta hori ere lortu zen, ze asmoa zein zen zabaldu eta konturatzerako jende bat inguratu zitzaigun, oholtzara igo eta antzezle lanetan aritzeko prest zegoela esan ziguna. Lehendik aktore gisa ibili gabeak denak (edo gehienak), baina ausardiaz eta ilusioz gainezka. Eta besterik gabe, lanari ekin genion, beti ere Mirenen gidaritzapean eta baita Karlaren ekarpen baliotsuekin ere. Baina entsaioetan sei hilabete jardun ondoren, pandemiak harrapatu gintuen eta dena bertan behera geratu zen.

 

«Bi urte geroago, birusa amaitzear zelarik, gehienak prest lanari berriz ekiteko»

Bi urte geroago, birusa amaitzear zelarik, pozez ohartu ginen taldeko partaide gehienak prest zeudela lanari berriz ekiteko eta, berriro osatu genuen taldea, hiruzpalau antzezle berrirekin.

Beraz, buelta berriro entsaioetara eta birusak eta taldekideen eginbehar guztiak gainditzen joanez (birusa bera, lana, haurrak, etxea, beste konpromisoak, e.a.), azkenean, ia ezinezkoa edo utopía zirudiena, errealitate pozgarri bilakatu dugu: Langileren 50 + 2. urteurrenaren antzerkiaren hiru emanaldi eskaintzea alegia, non 500 ikusleren negar eta barreak ikusi eta sentitu diren, antzerkian erakutsi diren argazki, irudi, doinu, esaldi, mugimendu eta une gozo, eder, gogor eta hunkigarriei esker. 

Txundituta geratu naiz antzezle taldearekin. Zein baino zein! Ze jarrera txalogarria izan dutena astez aste; ze inplikazioa, ilusioa, ausardia (jende aurrean aritzeak sabelera ekartzen dituen azkureei aurre eginez). Ia ohartu gabe, Langile medio, uste dut xume, apal, baina euskarari gure ekarpentxoa egin diogula eta baita kulturari eta herrigintzari ere.

 

«Eskerrik beroenak laguntza eskaini diguten guztiei»

Eskerrik beroenak bidean laguntza eskaini diguten guztiei, eta zuei, taldekide zoragarrioi, Elena, Mikel, Josune, Aiert, Karla, Alberto, Kristina, Susi, Joseba, Ihintza, Alaitz, Andoni, Miren, egin duzuen lan miresgarriaren aitorpen osoa eta zintzoa, ia ezerezetik abiatu baina (askoren iritziz), saiatzearen poderioz, emaitza eder eta duineko lana osatu duzuelako.

Antzerkian, duela 50 urteko irudi zahar-hunkigarriak ikusi ahal izan ziren bezala, 2022an egin duguna ere hor geratuko da, datozen hamarkadetan ikusi eta jakin dezaten Langile zer izan den. Onena opa diogu Langile Ikastolari, baina batez ere, jarraitu dezala ahalegintzen Ixiar Egigurenek aspaldi esaten ziguna gauzatzen, hau da, «gure helburu nagusietako bat zen, umeak zoriontsu sentitu zitezela ikastolan»; gure antzerkian Karlak, negar-zotinka hain ederki interpretatu duena, horrek «emozionatu» egiten zuelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!