Udaleku ibiltarietarako bi txanda aterako dira eta ostiralera arte eman daiteke izena

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 11a, 00:00

Orain hiru urte osatu zen azkenengo taldea.

Dobera Euskara Elkarteak aurten berreskuratu ditu eta bi txanda izateko nahiko jende badago dagoeneko. Gainera, 10 urte beteko dira aurten.

Osasun egoera dela eta, bi urtetako etenaldiaren ostean, bueltan dira Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Udaleku Ibiltariak. «Bi txandarako jendea badago, nahiz eta oraindik izena eman daitekeen ostiralera arte, www.dobera.eus webgunean. Lekua badago», diote Doberatik. «Gainera aurtengoa, 10. urtea izango da Udaleko Ibiltariak antolatzen hasi ginela». 

Udako opor garaian, gazte eta gaztetxoek euskerazko aisialdiaz gozatzeko eta erabilera indartzeko parada izango dute Udaleku Ibiltariekin. Era berean, Doberaren nahia da «umeek eta gazteek natura errespetatzea, hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatzea, euskal kultura ezagutzea, inguru eta lagun berriak ezagutzea, ondo pasatzea…».

Udaleku Ibiltarietan, ekintza ezberdinak burutzen dira, hala nola, ur ekintzak, abentura kirolak, txangoak, mendi ibilbideak, jolasak…«Euskal Herriko txokorik politenak ezagutuz». 

Bi txanda bereizi ditu Doberak: lehenengo txanda, 2007 eta 2009 urte bitartean jaiotako gazteek osatuko dutena. Hauek Goierri aldera joango dira. Uztailaren 4an hasi eta 15era bitartean. Prezioa 265 euro da, eta Doberako bazkideentzat 225 euro; bigarren txanda, 2010 eta 2012 urte bitartean jaiotakoei bideratuta dago. Oarsoaldean ibiliko dira, uztailaren 25etik 30era bitartean. Prezioa 185 euro eta Dobera Euskera Elkarteko bazkideentzat, 155 euro. 

 

Udaleku irekiak 

Bestalde, aurtengoan ere Udaleku irekiak antolatu ditu herriko elkarteekin batera. Udaleku hauetan, haurrei euskerazko aisialdiaren aukera emateaz gain, Hernaniko elkarte ezberdinak ezagutarazi nahi dira. Udaleku hauetan, 2008 eta 2013 artean jaiotako gaztetxoek hartu ahal izango dute parte. Bi astez egingo dira udalekuak, abuztuaren 1etik 12ra, astelehenetik ostiralera bitartean burutuko dira, goizeko 09:00etatik 13:30ak arte. Eta astean behin egun pasa bat egingo dute. Bi asteetarako edota baterako apuntatu daiteke: bi asteek 120 euroko prezioa dute, eta bazkideentzat 100 euro. Aste batek 70 euroko prezioa du eta bazkideentzat 60 euro.

 

Lan poltsa, Doberak

Bestetik, Doberak lan poltsa osatuko du: begiraleentzako, koordinatzaileentzako eta sukaldarientzako. Curriculumak bidali daitezke dobera@dobera.eus helbidera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!