Hernani 3 taldea sailkatu da finalera

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00

Kadeteen Gipuzkoako Txapelketan, Hernani 1 taldeari irabazi zion semifinala. Hernanin jokatuko du finala.

Azken txanpan sartu da kantxako boleibol denboraldia, baina partidu garrantzitsuak jokatzen ari dira oraindik, Hernaniko taldeak. Asteburu honetan, esaterako, semifinala jokatu dute Hernani 1 eta Hernani 3 taldeek, elkarren kontra, neska kadeteen Gipuzkoako Txapelketan. Eta Hernani 3 izan zen nagusi, bigarren urteko kadeteen taldea, bere esperientzia baliatuta. Edonola ere, gogotik egin behar izan zuen lan, aurreneko urteko kadeteak menderatzeko. 3-0 irabazi zuen, baina markagailuak erakusten duena baino gehiago kostata. Aurreneko jokoa 25-12 irabazi ondoren, oso gogorrak izan ziren hurrengo bi jokoak, eta 25-21 eta 25-19 nagusitu zen azkenean.

Hori horrela, finalean ariko da Hernani 3, eta hirugarren posturako lehian Hernani 1. Datorren asteburuan jokatuko dituzte bi partiduak, eta Hernaniko kiroldegian izango dira.

Infantil mailako neskei dagokienez, porrota jaso dute Hernaniko bi taldeek, etxetik kanpo. Hernani 1ek 3-1 galdu zuen Aldapeta Maria B taldearen kontra, partidu orekatu eta gogorrean (21-25, 25-13, 27-25 eta 25-21). Eta Hernani 2 taldeak ezin izan zuen Herrikide A txapeldun izateko faboritoaren kontra: 3-1 galdu zuen, baina lan haundia emanda talde tolosarrari (23-25, 25-14, 25-15 eta 25-21).

Datorren asteburuan jokatuko dute Gipuzkoako Ligako azkeneko jardunaldia, eta bigarren postuan bukatzeko aukera dauka Hernani 2k, etxean. Irabazi­ta, zilarrezko domina lortuko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!