Maialen trainerua, «buru-belarri lanean»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00

Entrenamenduekin jarraitzen du taldeak, eta «koxka bat gora» egin dutela uste du Alex Orena entrenatzaileak.

Bukatu da batel denboraldia, eta lehendik ere Maialen trainerua lanean ari bazen, orain erabat murgildu da bere prestaketan. «Buru-belarri gara entrenatzen», dio Alex Orena entrenatzaileak: «saioak ez dira xamurrak, baina gustura ari dira neskak lanean». 

Lan horrek, bere fruituak ere eman dituela dio Orenak: «uste dut koxka bat egin dugula gora, baina gero ikusiko dugu ETE (Emakumeen Traineru Elkartea) Ligan non gauden. Kontrarioak indartsuak dira, eta beraiek jarriko gaituzte gure lekuan». Horregatik, «estropadak noiz iritsiko zain» daude arraunlari hernaniarrak.

Azkeneko bi urteetan ez du trainerurik uretaratu Hernanik, eta etenaldi luzetik bueltan izango da Maialen, udaran. Erronkaren aurrean, gogotsu daude Hernaniko Arraun Elkartean.

 

Neska jubenilak, trainerilletan

Asteburu honetan, berriz, Gipuzkoako Trainerilla Ligan aritu dira Hernaniko neska jubenilak. Ligako laugarren jardunaldian hartu zuten parte, igandean Zarautzen; eta laugarren sailkatu ziren, 17:33 denborarekin. «Jubenil sorta polita bildu dugu, eta nahiz eta traineruan entrenatzen ari, Trainerilla Ligan parte hartzea erabaki dugu. Pozik nago sei debutariek daramakiten bidearekin», nabarmendu du Alex Orena entrenatzaileak.

Eta aulki mugikorrari dagokionean, arraun egokituko Espainiako selekzioaren deia jaso du Beñat Odriozola hernaniarrak. Astebeteko egonaldia egingo du selekzioarekin, Sevillako La Cartujan, errendimendu haundiko egoitzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!