Ezin hobeto hasi du bere bidea Hernanik, Berria Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00

Berria Txapelketan aritu ziren sei pelotariak, Josu Oiaga prestatzailearekin.

Hiru partiduak irabazi zituen Behar Zanaren kontra, eta Oberena izango du kontrario final laurdenetan.

Igandean ekin zion Berria Txapelketari Hernanik, final zortzirenetako kanporaketarekin; eta ezin hobeto hasi du torneoa: jokatutako hiru partiduak irabazi zizkion Villabonako Behar Zanari, nagusitasunez irabazi ere. Kadeteetan, 22-11 nagusitu ziren Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia, Aranbururen eta Otaegiren kontra. Jubeniletan, beste horrenbeste egin zuten Jon Jarak eta Unai Etxarrik, Aranburu anaiak 22-11 menderatuta. Eta seniorretan, alde haundiagoarekin nagusitu ziren Paul Ojuel eta Xabier Ortiz de Urbina, Iraolaren eta Jauregiren kontra (22-6).

Orain, kontrario gogorragoa izango dute hernaniarrek, final laurdenetan. Iruñeako Oberena izango dute aurrez aurre, eta hain juxtu, talde nafarra da Berria Txapelketaren azkeneko irabazlea. Torneoa ondo hasi izanaren konfiantza, behintzat, alde izango dute hernaniarrek.

 

Iñigo Labakak ezin, Josetxo Ezkurrako finalean

Ez ziren albiste onak izan Hernanirentzat, ordea, Josetxo Ezkurra Txapelketan. Nagusien mailako finala jokatu zuen Iñigo Labakak, larunbatean Donezteben; eta galdu egin zuen, Enaitz Antso nafarraren kontra (6-18). Ezustekoa emanda iritsi zen Labaka finalera, jokatutako hiru kanporaketak irabazita; baina finalean ezin izan zuen berriro sorpresa eman. Zugarraldeko esku pelotaria izan zen nagusi, partidu osoan. Edonola ere, pozik egoteko moduko txapelketa jokatu du Labakak, eta final horrekin, dagoeneko 16 jokatu dituzte CD Hernaniko esku pelotariek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!