Inhar Agirre eta Jon Dorronsoro, Gipuzkoako txapeldun alebinetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00

Oier Alkain, Ibai Ibeas, Inhar Agirre eta Jon Dorronsoro, dominekin.

Emaitza bikainak lortu dituzte hernaniarrek, eta podiumera igo ziren Ibai Ibeas eta Oier Alkain ere.

Errenterian izan dute hitzordu garrantzitsua, judoka gazteek, asteburuan. Alebin txiki mailako Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten igande goizean, eta emaitza bikainak lortu zituzten judoka hernaniarrek.

Podiumeko koxkarik gorenera igo ziren bi hernaniar, gainera. 28 kilotik beherakoen kategorian, txapeldun izan zen Inhar Agirre; eta 34 kilotik beherakoetan, beste horrenbeste egin zuen Jon Dorronsorok. Urrezko domina kolkoratuta, oso pozik bueltatu ziren Hernanira.

Eta egindakoarekin kontentu bukatu zuten herriko beste bi judokak ere, podiumera igotzea lortu baitzuten. 52 kilotik beherakoetan, finalera sailkatu zen Ibai Ibeas, eta zilarrezko domina kolkoratu zuen. Kategoria berean, podiumean lagun izan zuen Oier Alkain, hirugarren postua lortu baitzuen berak, brontzezko domina kolkoratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!