HYROX Fitness Racen bigarren Aitor Lizarazu, Alemaniako Essenen

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 00:00

Aitor Lizarazu, bere kategoriako podiumeko koxka gorenean, Essenen.

Denontzat taldeko hernaniarra onena izan da bere adin tartean, eta bigarren probako sailkapen nagusian.

Alemaniako Essen hirian izan da Aitor Lizarazu hernaniarra, asteburuan. HYROX Fitness Race txapelketan hartu zuen parte larunbatean, eta maila ederrean, gainera: bigarren postuan sailkatu zen Denontzat taldeko kidea, 1:04:46 denborarekin; eta onena izan zen bere kategorian, 30-34 urte artekoetan. 

Probako sailkapen nagusian, Nils Stuber alemaniarra izan zuen aurretik, 1:02:18 denbora eginda. Elte Hupkes alemaniarrak osatu zuen podiuma (1:05:50). 30-34 urte artekoen podiumean, berriz, Lizarazuk alboan izan zituen Hupkes bera, bigarren; eta David Blankenburgh herberehetarra, hirugarren.

Europara egindako bigarren bidaia du Lizarazuk, horrelako proba bat lehiatzera; eta aurreneko esperientzia ona izan bazen, are hobea izan da oraingoa.

Emaitza honekin, gainera, Munduko Txapelketa jokatzeko txartela eta gonbidapena lortu du Aitor Lizarazuk, datorren astean Estatu Batuetako Las Vegas hirian jokatuko dena. Hernaniarra ez da bertan izango, ordea, Munduko Txapelketan parte hartzeari uko egin baitio. Azaldu duenez, nahiago du «esperientzia gehiago» hartu horrelako probetan, eta aukera izanez gero, datorren urtean aurkeztu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!