Iñigo Legorburu garaile, Mutrikuko mikrokontakizunen lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 9a, 00:00

Iñigo Legorburu gainerako sarituekin batera, Mutrikun.

Helduen kategorian, lehenengo saria jaso du hernaniarrak 'Berandu' izeneko lanarekin.

Iñigo Legorburuk lehenengo saria lortu du Mutrikuko V. Ziriako Andonegi Mikrokontakizun Lehiaketan. Helduen mailan, hernaniarra gailendu da Berandu izeneko lanarekin. Kategoria horretan, denera, 40 lan aurkeztu dira eta gazteen kategorian, berriz, 129. Horrela, beste bi saritu ere izan dira: mutrikuar onenaren saria eta 18 urtez azpiko egile onenaren saria. Lehiaketako antolatzaileek jakitera eman dutenez, inoiz izandako partehartze haundiena izan du aurtengo edizioak.

Lehiaketako arauei erreparatuta, 100 hitz baino gutxiago izan behar zuen kontakizunak, gai librearekin. Lan horretarako, Legorburuk bi aiton-amona irudikatu ditu protagonista gisa: «teknologia eta arrakala digitalaren gainean mintzo da mikroipuina», kontatu du. Horrekin batera, mikrokontakizunak modan daudela ere adierazi du: «gaurko presazko mundu honekin bat egiten duten literatura pildora txiki eta motzak dira, normalean irakurlearen sorpresa bilatzen dutenak. Gainera, oso lerro gutxitan giro eta atmosfera bat sortu behar da eta hitzak ongi neurtu eta baliatu behar dira. Xinplea dirudi hasiera batean baina ez da hain erraza…».

Sari gisa, 500 euro, diploma eta Lea-Artibaiko herrian ohikoa den batel itxurako oroigarria jaso ditu Legorburuk, azken hori Jon Arretxe idazlearen eskutik. Arretxek, hara hurbildutakoen gozamenerako, sari banaketaren aurretik 11 bidaia, 11 liburu hitzaldia eskaini zuen, bere liburuetan ageri diren tramak berak munduan zehar eginiko bidaietatik atera dituela azalduz.

Honako hauxe da Berandu mikrokontakizuna:

Ohean ezinduta nagoela, azken aste hauetan ezinean zu imajinatzen zaitut, Joxe. Etxean arrotz, zure arrantzale esku zartatuekin, garbigailuaren botoiekin ezin asmatuta. Berdin mikrouhin labearekin edo telebistarekin. Eskola zaharrekook, teknologiak ez ditugu menperatzen. Lagundu nahi zintuzket baina premian dagoena, gaur neroni naiz. 

Alabak etxean izan ditugun bitartean, nolabait moldatu izan gara makina txatxu horiekin. Etxean egonda, nik ere denborarekin ikasi dut haiek gobernatzen baina zuretzat jada, beranduegi zen.

Gaur, haserretuko zaren arren, teknologiaren bidez lagundu nazazun eskatuko dizut. Gaur bakarrik, Joxe.

Itzali ezazu nire ondoko makina txatxu hau. Arnasten artifizialki mantentzen nauena. Niretzat ere, berandu delako.

EZIZENA: Amona

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!