Joan Miróren bi eskultura Chillida Lekun, 'Miró Zabalagan' erakusketaren aurrerapen gisa

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 9a, 00:00

Joan Miró, 'Oiseau solaire' (Eguzki txoria), 1968. Argazkia: Mikel Chillida

Erakusketa maiatzaren 21ean irekiko dute, baina motorrak berotzen hasteko, 'Oiseau solaire' eta 'Femme' eskulturak jarri dituzte museoan.

Maiatzaren 21ean, Miró Zabalagan erakusketa jarriko dute ikusgai Chillida Lekun. Joan Miró eta Eduardo Chillida elkartu zuen adiskidetasunaren omenezko erakusketa dela aurreratu dute, eta, horren guztiaren aurrerapen gisa, «eta horrelako muntaia baten konplexutasuna dela eta», Joan Miróren bi lan jarri dituzte ikusgai: Oiseau solaire eta Femme. Artista katalanaren bi eskultura dira, eta orain arte Bartzelonako Fundació Joan Miró-tik inoiz atera ez badituzte ere, Zabalaga baserriaren kanpoaldean ikus daitezke dagoeneko.

Miró Zabalagan erakusketak Chillida Lekuk 2021ean Tàpies Zabalagan erakusketarekin hasitako erakusketa ildoari jarraitzen dio. «Ekimena Eduardo Chillidaren garaikide diren arte garaikideko pertsona haundiak gonbidatzean datza, horien bitartez artista donostiarraren obraren gaineko ikuspegia zabaltzeko eta aberasteko», azaldu dute Chillida Lekukoek.

 

Bi eskultura, Zabalagan

Oiseau solaire (1968) bi tonako txoria da, Carrarako (Italia) marmolarekin egina. Zabalaga baserrira doan bidearen goialdean kokatua, pieza haundi hau Joan Mirók Montroigeko bere tailerrean izan zuen ideia batetik sortu zen 1946an. Marmolezko bloke bakar batetik abiatuta zizelkatu zen (isatsa eta hegalak izan ezik), eta bere tailerreko lurrean marraztu zuen jatorrizko lehen marrazki batetik sortutako hainbat bertsio ditu. Hori guztia baserriko lehen solairuan ikusi ahal izango da maiatzaren 21etik aurrera.

Femme (1970) eskultura, berriz, Zabalagako kanpoaldeko harriztatuan jarri dute. Brontzez urturik, Mirók bost ale egin zituen, eta horien artean museoan ikusi ahal izango dena dago, 1997an urtua. 350 kilo baino gehiagoko pisua du eskultura honek, eta barraskilo maskor batez dago koroatuta. Antolatzaileek aurreratu dutenez, «artistaren imajinarioaren espiral eta ikonoaren sinboloa da, emakumeen unibertsoa gogora ekartzen duena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!