Espeleologia ikastaroa, datorren asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 8a, 00:00

Maiatzaren 14an eta 15ean izango da. Plazak mugatuak dira, eta izena eman behar da:
'www.felixugarte.com'.

Espeleologia ikastaroa antolatu du Felix Ugarte elkarteak. Datorren asteburuan izango da, maiatzaren 14an eta 15ean, eta guztiz doakoa da. Hori bai, plazak mugatuak dira eta, beraz, beharrezkoa da aurretik izena ematea www.felixugarte.com webgunean.

«Alpinismoaren lehenengoa den arren, bere material eta teknika propioak ditu espeleologiak», aipatu dute antolatzaileek. «Horregatik, horien lanketa egingo da ikastaroan, lurpeko paisaia ezkutu eta harrigarriak segurtasunez bisitatu eta esploratu ahal izateko».

Ikastaroa bi saiotan antolatu dute: lehenengoan, «Santa Barbarak eskola gisa eskaintzen ditugun bertikalak erabiliko ditugu progresio bertikala (jumarra eta jaitsierak soketan) ikasteko»; ezagutza horiek eskuratuta, bigarren saioan, «leize batean murgilduko gara ikastaroan bermatutako edukiak praktikan jartzeko», aurreratu dute.

 

Lehentasuna, hernaniarrek

Ikastaroko plazak mugatuak dira eta, aipatu dutenez, lehentasuna emango zaie Hernaniko biztanleei. Izen-ematea zabalik dago dagoeneko. Norbere datuak erregistratu beharko dira eta, izena ematearekin batera, materiala eta mediku-asegurua ere ziurtatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!